Sei saio izanen dira 2018ko Bardoetako bigarren asteburuan

Ttipi-Ttapa 2018ko ots. 8a, 13:58

Lesakan, Lakuntzan, Otsagabian, Errazkinen eta Barañainen izango dira asteburuko saioak 

Joan den ortziralean abiatu zen 2018ko Bardoak, Nafarroako taldekako bertso egitasmoa, eta heldu den asteburuan emanen zaio segida txapelketako lehenengo faseari. Guztira, sei saio izanen dira otsailaren 9, 10 eta 11n, Lesakan, Lakuntzan, Otsagabian, Errazkinen eta Barañainen. 

Ortziralean, 19:00etan, bertso merendua izanen da Lesakako Arrano Elkartean, 5 euroko sarrerarekin. Han izango dira, parez pare, Lesakako Unibertsolariak eta Barañaingo Barakinak taldeak. Egun berean, eta ordu berean, bertso saioa izanen da Otsagabiako Gartxot elkartean, hura ere merenduaz lagundurik. Amortziaren Eliobak eta Xirristi Drimtin taldeak izango dira lehian. 5 euroko salneurria du sarrerak. Ortziralarekin ere, baina 20:00etan, bertso saioa izanen da Lakuntzako Sorginak tabernan, Sakanako Sakana Zart eta Malerreka eta Baztango Addams familia taldeekin. Sarrera librea izanen da, baina borondatea uzteko aukera izango du hala nahi duenak.

Larunbatean, Errazkingo Txirrika elkartean, 17:30ean, bertso-merendua izango da  (Larraun da Araitz) Bi dozena etxeko taldea eta Lizaharrak taldearen artean. Bost euroko sarrera du saioak. Egun berean, 19:00etan, saioa izango da Barañaingo Gaztetxean, hura ere merenduaz lagundurik. Etxeko Patioko Banda eta Berako Ibardin: Hiru ta lau dira zazpi taldeak ariko dira nor baino nor. Borondatearen araberakoa izango da sarrera.

Igandean, azkenik, bertso-merendua izango da Barañaingo Haizea elkartean, 18:00etan. Herriko Barañetak eta Sakanakoo Sakana Zart taldeak ariko dira kantuan. 3 euroko sarrera izango du saioak.

Saio horrek osatuko du asteburuko egitaraua. Lehen fasea bukatzeko, ordea, azken asteburu bat izanen da, otsailaren 16tik 18ra. Behin hori pasatuta jakingo da zeintzuk diren bigarren fasera pasako diren sei taldeak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun