«Lesakar guztiek, bizitzan behin bederen, gozatu beharreko esperientzia da zakozar ateratzea»

Ttipi-Ttapa 2018ko ots. 8a, 10:03

Joan den urtean lehen aldiz zakozar atera zen Ane Gurrutxaga.

Ane GURRUTXAGA ERRANDONEA • Lesakako gaztea 

Luzaroan buruan zerabiltzan «beldurrei aitzin hartuz», joan den urtean, lehendabizikoz, «baina ez azkenekoz», mozorroaren bertzaldetik bizi zuen zakozarren esperientzia Ane Gurrutxagak: «ordura arte Mairuz janzten nintzen». Kezka nagusia «belarraren beroa eta karga jasateko gai ez izateak» eragiten zion, baina hori jakiteko modu bakarra «probatzea zen». 

 

Izenetik izanera gogoa zubi, eta aitzineko urteetan atera ziren «lagunek animatuta», «jendearen iritziak entzunez» eta «lagun baten arrimuan», animatzea ez zen hagitz zaila izan. Areago, «buruan bizitzan behin probatu behar nuela sartuta nuen, eta aukera ate-joka zebilen, atea zabaldu nion arte». Esperientzia «sekulakoa izan zen, ez nuen uste horrenbertze gozatuko nuenik». Zaku zaharrak ikusleen begietatik bizitzea polita denik ez du ukatzen lesakar gazteak. Haatik, «jantzita zaudela, ezagutzen ez zaituzten hori zu zarela pentsatzea eta denon artean, irri, salto eta musikaren itzalean, sortzen den giroa izugarria da, hitzez azaldu ezin dena». Zaku zaharrak Lesakako inauterien berezitasuna dira herritar zein ingurukontzat. Aitzitik, «guretzat ez dira inauterietako egun berezi bakarra», bezperatik hasten duten besta eta biharamunera arte luzatzen da. Bien bitartean, «momentu guztiek dute beren xarma, zaku zaharrez jantzita, banda jotzen hasten den unea, «oilo ipurdia eragin zidana», ahantziko ez badut ere, asteleheneko poteo momentua ez nuke inondik inora aldatuko». Larunbatean, normalki, «kuadrilakoak bakoitza bere aldetik mozorrotzen gara». Hortaz, hein batean, «inauteriek nahi duzun hori bilakatzeko aukera ere eskaintzen dutela» uste du: «norberaren alde bihurria, saltseroa, naturala plazaratzen da». Mozorroa jantzita, kanpotik eta barrutik eraldatzeaz gain, «irudimenak martxan paratzeko eta hurrengo urterako ideiak botatzen hasteko» ere aprobetxatzen dute lagunek: «nahiz eta ondotik, hasierako ideia goitik beheiti aldatu». Aurtengoa, dagoeneko prest dute «baina sekretuak ez dira kontatzen... Ikusi nahi duenak Lesakara etortzea bertzerik ez du!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun