«Bidaietako jantzi eta objektu tipikoekin hornitu izan ditugu mozorroak»

Ttipi-Ttapa 2018ko ots. 7a, 11:38

Maria Vila Errandonea beratarrak gogotsu hartzen dit inauteriak.

Maria VILA ERRANDONEA • Berako emakumea

Inauterietako haurtzaroko bizipenen oroitzapen lausoak ditu Mariak: «kaldererotan ateratzen ginen. Aitak Irunetik alokaturiko mozorroen bueltan, etxeko lau trapu harturik, ama eta izebaren laguntzaz eginiko mozorroak janzten genituen, baina etxeko kontuak ziren, mojetan inauteriak ez baikenituen ospatzen, «eskolatik kanpoko ospakizun ttikiren bat baino ez genuen egiten». Urte batean, Juantxo Larramendi margolariarekin eginiko karroza ere gogoan du: «ikasle izan ginenok margotu genuen».

 

Gazte-gazterik hasita «pare bat urtez huts egin dut. Herritik kanpo ikastera joan nintzen, eta orduan astelehena libre izatea zail izaten zen». Gaur egun, aunitzentzat «pentsaezina» da inauterietan lanera joatea: «astelehena izanagatik, herritarrek libre hartzen dute. Mozorroak ez ezik, karrika bete ikusle etortzen da».

Hogei bat urte zituela, Fernandorekin, senarrarekin, mozorratzen hasi zen. Senarraren lana tarteko, bi urtetik behin eginiko bidaiak «Jordania, Las Vegas, Egipto, Dubai...» izan dituzte urte luzez inauterietako inspirazio iturri: «toki bakoitzetik jantzi edo objektu tipikoak ekarri eta mozorrotzeko erabiltzen genituen».

Seme-alabak izateak «errotik aldatu die» inauteriak bizitzeko modua. Ordutik, «beren arrimuan, aunitzez ere gehiago mugitzen gara». Hasiera batean, musika eskolarekin mozorrotuta ateratzen zirela ikusirik, «gurasooi, kafe baten bueltan elkartuta, gu ere mozorratu beharko ginela bururatu zitzaigun». Era berean, «inude eta artzainen egunean hamasei urteak arte ezin denez atera, gure aldetik mozorrotu eta bazkaltzera joaten ginen». Hala, «pixkan-pixkan, xingar-arraultze eskean, kaldererotan... egunero janzten hasi ginen». Seme-alabek itzalita zuen «inauteri grina» piztu diotela esan daiteke. Izan ere, «hagitz lotsatia naizenez, ez naiz batere inauteriazalea izan, nire senarrak bertzela bizi izan ditu: inude eta artzainen konpartsan ibilia da, bai lagunartean baita bere aldetik ere, mozorro bereziak (ikusleei zapatak garbitzen, barkilloak saltzen...) egin izan ditu». Orain, «rolean sartzea kostatuagatik, dena ahantzi eta ongi pasatzea» lortzen du. Seme-alabek koxkortuta ere, beti sortzen zaio inguruan aitzakiaren bat: «duela lau bat urte inude eta artzainetan bikote helduak ateratzeko deia egin zuten, eta orduan ere, senarra bikote, hortxe atera nintzen». Beti gogoratuko duen momentua izanen da: «Berako inauterietan parte-hartzaile zein ikusle moduan bizi beharreko momentua da, bereziki, Eztegara pasealekura heltzean emozioak gori-gori izaten dira eta».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun