600 kiloko Euskadiko sokatira txapelketaren finalerako ere txartela lortu dute Beti Gazteko mutilek

Ttipi-Ttapa 2018ko ots. 5a, 10:16

Beti Gazteko zortzikotea tiran larunbatean Bilbon. 600 kiloko bigarrĂ¥n jardunaldian nagusi izan ziren.

Bigarren jardunaldian nagusitu dira lesakarrak otsailaren 3an Bilbon

Euskadiko goma gaineko zortzinakako sokatira txapelketan, gizonezkoen 600 kiloko bigarren jardunaldia eta emakumezkoen 500 kiloko lehenbizikoa jokatu dute Bilbon (Bizkaia). Lesakako mutilak nagusitu dira bigarren jardunaldi honetan eta, honela, otsailaren 17an Ibarran (Gipuzkoa) jokatuko den finalerako txartela lortu dute.

 

Beti Gazte, Ibarra, Gaztedi, Sokarri, Ñapurrak-Lagunak eta Txantrea izanen dira 600 kiloko final horretan. Bilboko jardunaldian Beti Gazte izan zen nagusi. Finaletik kanpo gelditu dira Gabadi-Jutsi, Murueta, Abadiño eta Berriozar.

Emakumezkoetan, 500 kiloko lehen jardunaldia jokatu zen Bilbon eta hemen ere Badaiotz nagusi izan zen, 540 kilokoan bezala, txapela janzteko hautagai naguaia dela erakutsiz. Gibeletik sailkatu ziren Ibarra, Gaztedi, Txantrea, Beti Gazte eta Berriozar. Lesakarrek Berriozarrekoekin berdinduta bukatu zuten, bien arteko tiraldi bana irabazi baitzuten eta gainerako guztiak galdu.

 

Hurrengo jardunaldiak

Otsailaren 10ean, gizonezkoen 640 kiloko finala jokatuko dute Idiazabalen (Gipuzkoa). Hemen ere, Beti Gazteko mutilak ariko dira, Gaztedi, Sokarri, Ñapurrak-Lagunak, Ibarra eta Zuraiderekin batera.

Otsailaren 17an, gizonezkoen 600 kiloko finala eta emakumezkoen 500 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko dute Ibarran (Gipuzkoa).

Otsailaren 24an, gizonezkoen 560 kiloko txapelketa jokatuko da saio bakarrean eta emakumezkoen 500 kiloko finala Laukizen (Bizkaia) jokatuko dute.

Otsailaren 25ean, azkenik, txapelketa mistoa jokatuko dute Bilbon (Bizkaia).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun