Kaldereroen kalejirarekin abiatu dira Berako Inauteriak

Ttipi-Ttapa 2018ko ots. 5a, 08:18

Asteazken arratsaldean Musika Eskolak kontzertua eskainiko du

Inauteri data ofizialak Ortzegun Gizenarekin abiatuko badira ere, Beran asteburu honetatik hasia da  inauteri giroa sumatzen. Kaldereroen musika eta arrabotsekin hasi ziren inauteriak Beran otsailaren 3an, larunbat arratsean, eguraldi petralari aurre eginez. 

 

Eguraldiak ez zuen batere lagundu aurtengoan eta kalejira egin ordez, Altzateko frontoian egin zuten ospakizuna, musika doinuen artean. Azkenean, Inma Urangaren eskutik, ijito-ezkontza ere egin zuten, Ainara Pacheco eta Eneko Garcia ezkongaiak zirela.

Otsailaren 7an, asteazkenean, 18:00etan inauterietako kontzertua eskainiko du Isidoro Fagoaga Udal Musika eskolak Kultur Etxean.

Biharamonean, Ortzegun Gizen eguna izanen da. Goizean Zingar-arrautzea eskatuz ibiliko dira. 15:45ean abiatuko da kalejira suhiltzaileen parketik Eztegara pilotalekura. Eguraldi txarra eginen balu, zuzenean Eztegara pilotalekuan geldituko lirateke 16:00etan. Ondotik, 16:30ean, haurrentzako erromeria izanen da Eztegara pilotalekuan.

Otsailaren 11n, igandearekin, inude eta artzaiak ibiliko dira karrikaz karrika. Goizeko 10etan abiatuko dira Eztegara pilotalekutik. Goizeko ibilaldiaren ondotik, bazkaria eta arratsaldeko 6etan berriz ere abiatuko dira Eztegara pilotalekutik Altzateko karrikara.

Otsailaren 12an, Inauterietako Astelehenean, goizean zingar-arraultzea eginen dute koadrilek auzoz auzo eta karrikaz karrika eta eguerdi aldera karrozak eta mozorroak ikusiko dira karriketan. 19:00etan Batuklang taldeak Argia ikuskizuna eskainiko du Altzateko karrikan.

 

Inude eta Artzaien entsaioak

Bertze aldetik, inude eta Artzaien egunerako Eztegara pilotalekuan eginen diren entsaioak ere iragarri ditu Gure Txokoa dantza taldeak. Lehenbizikoa otsailaren 5an eginen da, astelehenean eta bigarrena otsailaren 9an, ortziralean, biak 20:30ean. Bertan, bazkarirako txartelak ere salgai izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun