Iñaki Portu izendatu dute Igantziko Biltoki elkarteko presidente

Ttipi-Ttapa 2018ko ots. 1a, 07:49

Biltokiko lehengo eta oraingoan juntado kidea. Argazkia: Oskar Txoperena

Ilbeltzaren 27an egindako urteko batzarrean aukeratu zuten junta 

IIlbeltzaren 27an egin zuten Igantziko Biltoki Elkartean bazkideen urteko bilera nagusia. Hasteko, 2017an antolatutako ekintzei eta izandako gorabeherei eman zitzaion errepasoa eta urteko kontuei gainbegiratu bat ere. Egoitzari dagokionez, komunak ezinduentzat egokitzeko eta biltegia txukuntzeko egindako lanak izan dira 2017ko ekintzarik aipagarrienak. 

 

Bertzalde, orain arte aritu den garbitasunaren arduradunak, hautagai bakarra izanik, bertze urte batez segituko du.

 

Junta aldatu da

Urteroko moduan, juntako lagunen  erdiak aldatzeko bozketa egin zen azkenean. Roberto Txoperena, Maite Zelaieta, Joxe Mari Mitxelena, Juan Ramon Retegi, Bea Lizardi eta Mikel Beginori egokitu zitzaien ateratzea, bi urteko lana bete ondotik. Aukeraketaren ondotik horrelaxe gelditu da junta hurrengo urterako: Iñaki Portu, lehendakaria; Leire Taberna, lehendakariordea; Adur Yanci, idazkaria; Iker Gonzalez, idazkari-laguntzailea; Jaione Sein, diruzaina; Idoia Bereau, diruzain-laguntzailea; eta, azkenik, Lourdes Etxeberria, Ana Loiarte, Eneko Telletxea, Luis Almandoz, Rexu Irigoien eta Lander Sein izanen dira bokalak.

Eratu berri den junta honek ez du lokartzeko astirik izanen, mus eta partxis txapelketaren finalak otsailaren 10erako prestatuak baitaude. Arratsaldeko 7etan hasiko dira finalak eta arratseko 9ak aldera izanen dute afaria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun