Haurra zela, Frankismo garaiko inauteriak ezagutu zituen: «inauteriak galaraziak ziren eta udaberriko bestak deitzen zieten». Orduko Mozorro Zuri eta Beltzen harat-honatez ere oroitzen da: Mozorro Zuriak Frantzian ari ziren mendi-mutilak izaten ziren eta «etortzen zirenean, giro polita sortzen zen». Mozorro Beltzak ateratzean, berriz, «eskapo» joaten omen ziren: «aurpegia estalita, pulunpa haundi batekin eta makila eskuetan agertzen ziren, eta jo egiten zuten». Baina hortik haratago, Mozorro Beltzen gaia aztertzeko modukoa dela uste du: «neska eta mutilen harremanak mugatuak eta errepresio haundiko urteak ziren. Moztasun edo ezintasun horiek agertzeko tresnak izandu dira Mozorro Beltzak».
Gaztaroko inauteri mugituak
16 bat urte zituela, Frankismo garaian, euskal kantagintza sustatzen hasi ziren inauterietan. «Trabak traba, urte batzuez kontzertu arrakastatsuak egin genituen». Beranduago, diktadura bukatuta, pantomimak antolatzen hasi ziren: «gauza kritikagarri aunitz ikusten genituenez, bizpahiru urtez, herriko kontu zehatzekin pantomimak egin genituen. Gazte kuadrilla haundia elkartzen ginen eta inauteriak protestarako probesten genituen».
Geroztik, inauteriak «aunitz lasaitu» direla dio. Edozein moduz, ez dio gozatzeari utzi: «beti atera naiz». Ez omen du mozorrorik erosten: «arroparik zaharrenak atera eta haiekin moldatzea gustatzen zait». Eta aski modu berezian jauntzitakoa da: «behin, jendea ostatuetan afaltzen ari zenean, aurpegia tapatuta, akordeoi batekin agertu nintzen. Akordeoiari barrenean kasete bat sartu nion musikarekin, eta han ibili nintzen musika joko banu bezala nire parafernalia guztiarekin». Beretzat «kontua ez baita gainean zer paratzen dugun, egoerari zentzua ematea baizik. Inauteriek badute xarma, eta jendeak egiten dena onartzen duenez, sinergia hori probestu beharko litzateke».
Maite du Arantza eta maite ditu inauteriak. Hori agerian utzi du. Hala ere, bere irudiko, «ortzegun eta ortziraleko herriko giroa bertze modu batera gauzatu beharko litzateke». Larunbateko herri-kirol saioa, berriz, «jendea zirikatu, protesta egin edo zerbait agertzeko toki ona dela» dio. Eta bide batez, «zerbait diferentea» egiteko deia luzatu du: «taldean mozorro berdinak erosi eta janzteak ez die berezitasunik ematen inauteriei».
Ez digu argitu aurtengo inauterietarako zein asmo dituen, «sekretua» delako. Akaso Mozorro Zuri aterako da, sekula ibili gabea delako eta garbi duelako «lehentxeago edo beranduxeago» aterako dela. Ez dakigu noiz eginen duen debuta, baina ez da saltsatik urruti ibiliko.