640 kiloko Euskadiko sokatira txapelketaren finalerako txartela lortu dute Beti Gazteko mutilek

Ttipi-Ttapa 2018ko urt. 29a, 15:13

640 kiloko finalerako txartela lortu dute Beti Gazteko mutilek eta 600 kilokoa ere bideratua dute.

600 kiloko lehen jardunaldian ere bigarren izan dira eta neskek laugarren postuan bukatu dute 540 kiloko kategorian 

Euskadiko goma gaineko zortzinakako sokatira txapelketan, gizonezkoen 600 kiloko lehen jardunaldia eta emakumeen 540 kiloko hirugarrena eta azkena jokatu ziren urtarrilaren 27an Bilboko Errekalde auzoan (Bizkaia) eta 640 kiloko bigarren jardunaldia Azkoitian (Gipuzkoa).

 

Gizonezkoen 600 kiloko kategorian, bi multzotan banatuak aritu ziren eta bere multzoan lehenbizikoak izan ziren lesakarrak. Bertze multzoko lehenbizikoa izan zen Ibarraren kontrako lehian, aldiz, galdu egin zuten, beraz bigarren izan ziren lehen jardunaldian. Honela, Ibarrak 11 puntu eskuratu zituen, Beti Gaztek 10, Gaztedik 9, Muruetak 8, Sokarrik 7, Txantreak 6, Berriozarrek 5, Ñapurrak-Lagunakek 4, Gabat-Jutxik 3, Antsoainek 2 eta Abadiñok 1.

Emakumezkoetan, 540 kiloko txapelketako hirugarren eta azken jardunaldian, aitzineko bietan, bezala, Arabako Badaiotz izan zen lehena, Bizkaiko Gaztedi bigarren, Gipuzkoako Ibarra hirugarren eta Beti Gazte laugarren. Beraz, Badaiotz suertatu da txapeldun.

Igande goizean, berriz, gizasemeen 640 kiloko txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zen Azkoitian eta Idiazabalen otsailaren 10ean jokatuko den finalean zein sei talde izanen diren erabaki zen. Aitzineko asteburuan Mungian bezala Gaztedi eta Beti Gazte izan ziren multzo buru eta bien arteko norgehiagokan bizkaitarrak nagusitu ziren (8 puntu). Beti Gazte bigarren izan zen (7 puntu).  Ondotik, Ñapurrak-Lagunak (6 puntu), Sokarri (5 puntu), Zuraide (4 puntu), Ibarra (3 ountu), Abadiño (2 puntu) eta Gabat-Jutxi sailkatu ziren (1 puntu). Bi saioetako puntuak batuta, Gaztedi (16 puntu), Beti Gazte (14 puntu), Sokarri (11 puntu), Ñapurrak-Lagunak (10 puntu), Ibarra (8 puntu) eta Zuraide (6 puntu) ariko dira otsailaren 10ean Idiazabalgo finalean.

 

 

Hurrengo jardunaldiak

Otsailaren 3an, gizonezkoen 600 kiloko bigarren jardunaldia eta emakumezkoen 500 kiloko lehenbizikoa jokatuko dute Bilbon (Bizkaia). Pisu honetan, emakumezkoetan Berriozar, Txantrea eta Antsoaingo taldeak ere aterako dira, pisu astuneneko lauaz gain.

Otsailaren 10ean, gizonezkoen 640 kiloko finala jokatuko dute Idiazabalen (Gipuzkoa)

Otsailaren 17an, gizonezkoen 600 kiloko azken eguna eta emakumezkoen 500 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko dute Ibarran (Gipuzkoa).

Otsailaren 24an, gizonezkoen 560 kiloko txapelketa jokatuko da saio bakarrean eta emakumezkoen 500 kiloko finala Laukizen (Bizkaia) jokatuko dute.

Otsailaren 25ean, azkenik, txapelketa mistoa jokatuko dute Bilbon (Bizkaia).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun