Transbidasoa-Euromaster-Inurrieta master mailako txirrindularitza taldea aurkeztu dute Igantzin

Ttipi-Ttapa 2018ko urt. 29a, 11:22

Transbidasoa-Euromaster-Inurrieta taldeko txirrindulariak.

Zazpigarren denboraldia osatzeko iazko talde beretsua izanen du 

Joan den larunbatean, urtarrilaren 27an, master mailako Transbidasoa-Euromaster txirrindularitza taldearen aurkezpen ekitaldia egin zen Igantziko Biltokin. Hau taldearen zazpigarren denboraldia izanen da, 2012an sortu ondotik eta Lesakako Beti Gazte elkartearen babesa izanen du. 

 

Master60 mailako Espainiako txapelketa, Euskal Herriko eta Nafarroako txapel aunitz eta hainbat lasterketean garaipenak lortu dituzte sei urteotan. Iaz, Luziano Mitxelena lesakarra Euskadiko txapeldun izan zen kategoria honetan, Espainiako hirugarren eta Munduko txapelketan ere parte hartu zuen.

Hala ere emaitzen gainetik bizikletaren inguruan bizitako esperientziak eta bizipenak izan dira garrantzitsuenak. Guzti hori bizi ahal izateko babesle eta laguntzaileen parte hartzea ezinbertzekoa izan da.

Aurkezpen ekitaldian Inurrieta Upategien komertziala den Felipe Lizardi izan zen, proiektu honi babesa eta laguntza aunitz eskaini diona hasiera hasieratik. Jose Luis Sunsundegi, Beti Gazte elkarteko presidentea ere han izan zen, Transbidasoa eta Euromaster enpresetako ordezkariekin batera.

2018 urteari begira urteroko helburu berak izanen ditu taldeak, proba bakoitzean mailarik onena ematea eta podiumera igotzen saiatzea; geroz eta zailagoa da podiuma zapaltzea, baina horrek ez ditu beldurtuko Transbidasoa-Euromaster-Inurrieta taldeko txirrindulariak. Gehien bat Nafarroa eta inguruetako probetan aterako dira, nahiz eta urrutiago lasterketetara ere joanen diren.

 

Taldekideak

Master-60

Luziano Mitxelena (Lesaka)

 

Master-40

Iñigo Dorronsoro - LEITZA

Txutxin Fernandez - ORDUÑA

  

Master-30

Iñigo Lizartza - LEITZA

Peio Lizartza - LEITZA

Ion Zeberio - IRUÑA

Jabier Ariztimuño - LEITZA

Joxe Mari Sestorain - LEITZA

Juan Jesús Irigaray – PERALTA

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun