Jardunaldi bikoitza izanen dute Beti Gazteko tiralariek Euskadiko sokatira txapelketan

Ttipi-Ttapa 2018ko urt. 26a, 11:35
640 kiloko finalerako sailkapena bideratua du mutilen taldeak eta igandean lor dezake Azkoitian.

Larunbat arratsaldean gizonezkoen 600 kiloko lehen jardunaldia eta emakumezkoen 540 kiloko azkena jokatuko da Bilbon eta igande goizean, gizonezkoen 640 kiloko bigarrena Azkoitian

Euskadiko goma gaineko zortzinakako sokatira txapelketan, gizonezkoen 600 kiloko lehen jardunaldia eta emakumeen 540 kiloko hirugarrena eta azkena jokatuko dira urtarrilaren 27an, larunbat arratsaldeko 5etan Bilboko Errekalde auzoan (Bizkaia). Igande goizeko 11:30ean berriz, gizonezkoen 640 kiloko bigarren jardunaldia izanen dute Azkoitian (Gipuzkoa).

 

Gizonezkoen 600 kiloko kategorian, Beti Gazterekin batera, Berriozar, Antsoain eta Txantrea nafarrak, Bizkaiko Abadiño, Gaztedi, Murueta eta Sokarri, Gipuzkoako Ibarra eta Behe Nafarroako Ñapurrak-Lagunak eta Gabat-Jutxi lehiatuko dira Errekalden.

Emakumezkoetan, 540 kiloko txapelketako hirugarren eta azken jardunaldia jokatuko da Errekalden. Orain arteko bietan Arabako Badaiotz izan da lehena (8 puntu), Bizkaiko Gaztedi bigarrena (6 puntu), Gipuzkoako Ibarra hirugarren (4 puntu) eta Beti Gazte laugarren (2 puntu). Beraz, jardunaldi horietako puntuazioa kontuan hartzen denez, txapela janzteko urrats handia emana dute arabarrek.

Igande goizeko 11:30ean, berriz, gizasemeen 640 kiloko txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko da Azkoitian eta Idiazabalen otsailaren 10ean jokatuko den finalean zein sei talde izanen diren erabakiko da. Joan den asteburuan Mungian eta igandean Azkoitian puntu gehien ateratzen dituzten seiak sartuko dira eta Beti Gaztek bideratua dauka sailkapena, Mungian bigarren izan baitzen, Gaztediren gibeletik. 

 

Hurrengo jardunaldiak

Otsailaren 3an, gizonezkoen 600 kiloko bigarren jardunaldia eta emakumezkoen 500 kiloko lehenbizikoa jokatuko dute Bilbon (Bizkaia). Pisu honetan, emakumezkoetan Berriozar, Txantrea eta Antsoaingo taldeak ere aterako dira, pisu astuneneko lauaz gain.

Otsailaren 10ean, gizonezkoen 640 kiloko finala jokatuko dute Idiazabalen (Gipuzkoa)

Otsailaren 17an, gizonezkoen 600 kiloko azken eguna eta emakumezkoen 500 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko dute Ibarran (Gipuzkoa).

Otsailaren 24an, gizonezkoen 560 kiloko txapelketa jokatuko da saio bakarrean eta emakumezkoen 500 kiloko finala Laukizen (Bizkaia) jokatuko dute.

Otsailaren 25ean, azkenik, txapelketa mistoa jokatuko dute Bilbon (Bizkaia).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun