Compagnie des vents et Marées taldearen ‘Orígenes’ antzezlana ikusgai izanen da Beran urtarrilaren 27an

Ttipi-Ttapa 2018ko urt. 24a, 07:07

Hendaiako konpainiak 'Orígenes' taularatuko du larunbatean Berako Kultur Etxean.

Larunbatean 19:00etan eskainiko dute Kultur Etxean gaztelaniaz

Compagnie Des Vents et Marées taldeak Origenes antzezlana eskainiko du urtarrilaren 27an,  larunbatean 19:00etan Kultur Etxean, gaztelaniaz. Sarrera 5 euro kobratuko da. Alexia Papantchevek sortutako ikuskizuna da, oroimena galdu duten pertsona batzuei egindako elkarrizketak abiapuntu hartuta egindakoa.

 

2016ko urriaren 24tik azaroaren 3ra arte Des Vents et Marées Hendaiako konpainiak egonaldi artistikoa izan zuen Berako kultur etxean (Donostia2016 Europako Kultur Hiriburuko Mugalariak programaren barrenean). Egonaldi honen barruan, hiru mediazio saio izan zituzten, memoria solasgai, Berako San Jose Zahar Etxeko eta Jubiloteka zerbitzuko lagunekin. Konpainia honek antzeko egonaldiak izan zituen Hendaian eta Zizur nagusian, adin ezberdineko pertsonekin.

Egonaldi hauen guztien ondotik Origenes antzezlana sortu zuten eta hainbat lekutan taularatu da: Gayarre antzokian (Iruñean), Zizur Nagusian, Hendaian… eta orain Beran ikusteko aukera izanen dugu.

 

Nor naiz eta nondik nator?

Alexia Papantchevek sortutako ikuskizuna, oroimena galdu duten pertsona batzuei egindako elkarrizketak abiapuntu hartuta egindakoa. Lehen ama bikaina zen, superra. Egun batean, ikaragarrizko istripua izan zuen. Dena ahaztu zitzaion, baita nor zen ere. Dena apurtu zen eta, beraz, apurtutako zatien bila joan zen, ahaztu nahi izan zituen oroitzapenak, inoiz aurkitu ez zituenak, iraganekoak zirenak… Oroimenaren hutsegiteei buruzko sorkaria, jatorria hari gidari duena. Abiaburu moduan, galdera unibertsal bat: «Nor naiz eta nondik nator?». Kontaketa eta flashbackak bata bestearen ondotik etorriko dira. Melodrama zinematografikoa, fisikoa, irudi antzerkia.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun