Larunbatean nahiz igandean 18:00etan Bortziritarrak Ternuako bakailao-arrantzan solasaldia eskainiko du Rosa Arburuak euskaraz. Ondotik, Olivier Van der Zee-k zuzendutako Arte al agua dokumentala (gazteleraz) eskainiko dute. Larunbaterako sarrerak agortu ondotik, igandekoak aitzinetik salgai daude Agara prentsa dendan, 3 eurotan.
1941 eta 1960 urteen artean Bortzirietako 158 gizonek atera zuten kartilla Ternuara arrantzara joateko: 70 beratar, 55 lesakar, 17 etxalartar, 11 igantziar eta 5 aranaztar. Gerra ondoko Bortzirietako ekonomia ahulean, Ameriketara artzain lanetara, Iratira eta Frantziara mendi-mutil; kontrabandoa; neskato-lanak; apaiz eta moja; edota Ternuara bakailao-arrantzara joan behar izan zuten gazte anitzek, bizimodua aitzinera atera ahal izateko.
Berriki estreinatu den Arte al agua Pasaian bizi den Olivier Van der Zee holandarraren dokumentala Beran ikusi ahal izanen da, otsailaren 17an, larunbatez, eta horren aitzakian, dokumentaleko protagonistak bezala Beratik itsasora lanera joan ziren gizonei aitortza egin nahi die Berako Udalak. Emanaldia edozein pertsonari irekia dago, baina, bereziki, dei egiten zaie arrantzale izandakoei bertaratu daitezen, eta dokumentalaren ondotik euren bizipenak kontatzeko aukera izanen dute.
Dokumentalaren aitzinetik Rosa Arburua Goienetxeren hitzaldia izanen da, kultur etxean bertan, Bortziritarrak Ternuan bakailao-arrantzan gaia hizpide hartuta. Rosa Arburuak 1940-1960 Bortzirietako Gaztik liburua argitaratu zuen 2005ean. Bertan, 1940 eta 1960 urteen artean Bortzirietatik kanpo lan bila joan ziren gizon-emakumeen bizipenak biltzen ditu liburuan, tartean Ternuara bakailao-arrantzara joandakoena. Liburuaren zati horren inguruko solasaldia eskainiko du EHUko irakasleak.