Euskal Herriko sokatira txapelketa urtarrilaren 13an abiatuko da Laukizen

Ttipi-Ttapa 2018ko urt. 12a, 06:30
Launaka txapeldun izan ondotik, zortzinakako Euskadiko sokatira txapelketari ekinen dio Beti Gazteko gizonezkoen taldeak.

Lesakako Beti Gaztek taldeak aurkeztuko ditu gizonezkoen eta emakumezkoen txapelketetan eta kategoria mistoan 

Euskadiko goma gaineko sokatira txapelketa urtarrilaren 13an abiatuko da Laukizko (Bizkaia) pilotalekuan. Gizasemeen 680 kiloko kategorian saio bakarra eginen dute larunbat arratsaldeko 5etan hasita eta Lesakako Beti Gazte izanen da eskualdeko eta Nafarroako ordezkari bakarra. Emakumezkoak 540 kiloko txapelketako lehen jardunaldia ere jokatuko dute eta hemen ere Beti Gazte izanen da eskualdeko eta Nafarroako ordezkari bakarra. Bertze kategorietan eta txapelketa mistoan ere aterako dira Beti Gaztekoak.

 

Gizonezkoetan, lesakarrekin batera Bizkaiko Abadiño, Gaztedi, Murueta eta Sokarri, Gipuzkoako Ibarra eta Iparraldeko Gabat-Jutxi eta Zuraide lehiatuko dira, denak denen kontra.

Emakumezkoetan, 540 kilokoan, Badaiotz arabarrak, Gaztedi bizkaitarrak eta Ibarra gipuzkoarrak lehiatuko dira.

 

Datozen jardunaldiak

Urtarrilaren 21ean, Mungian (Bizkaia) jokatuko da gizonezkoen 640 kiloko lehen jardunaldia eta emakumeen 540 kiloko bigarrena.

Urtarrilaren 27an, gizonezkoen 600 kiloko lehen jardunaldia eta emakumeen 540 kiloko finala jokatuko dute, oraindik zehaztu gabeko lekuan.

Urtarrilaren 28an, gizonezkoen 640 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko dute Azkoitian (Gipuzkoa)

Otsailaren 3an, gizonezkoen 600 kiloko bigarren jardunaldia emakumezkoen 500 kiloko lehenbizikoa jokatuko dute Bilbon (Bizkaia). Pisu honetan, emakumezkoetan Berriozar, Txantrea eta Antsoaingo taldeak ere aterako dira, pisu astuneneko lauaz gain.

Otsailaren 10ean, gizonezkoen 640 kiloko finala jokatuko dute Idiazabalen (Gipuzkoa)

Otsailaren 17an, gizonezkoen 600 kiloko azken eguna eta emakumezkoen 500 kiloko bigarren jardunaldia jokatuko dute Ibarran (Gipuzkoa).

Otsailaren 24an, gizonezkoen 560 kiloko txapelketa jokatuko da saio bakarrean eta emakumezkoen 500 kiloko finala Laukizen (Bizkaia) jokatuko dute.

Otsailaren 25ean, azkenik, txapelketa mistoa jokatuko dute Bilbon (Bizkaia).

Larunbatetako saioak 17:00etan hasiko dira eta igandetakoak 11:30ean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun