Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak Etxalarren dituen bulegoetan, Lesakan duten bulegoan eta Berako Udaletxean ematen du zerbitzua Amaia Pando Aramendi psikologoak. Arreta goizez eskaintzen da, baino pertsonaren batek hitzordua arratsaldez behar izanez gero, ordutegia honen beharretara egokitzen da. Zerbitzuaren egonkortze eta mantenurako, oraindik kopago bat ordainduko da: 25 euro saioko. Hitzordua eskatzeko Gizarte Zerbitzuen telefono zenbaki honetara deitu behar da: 948 635 036.
Jendeari zerbitzu hurbila, konfidantzazkoa, kalitatezkoa eta profesionala ematea da Amaia Pandoren helburua; pertsona eta familia guztiak Psikologia Zerbitzura ongi etorriak dira.
Orain arte egindako ibilbidearen balorazioa hagitz positiboa da. 61 pertsona artatu dituzte joan den urteko lehengo urrats honetan. Datu hauek interpretatzeko momentuan kontutan izan behar da nahiz eta zerbitzua otsailean hasi, lehenengo hilabete hau antolaketa eta difusiorako erabili zela, eta beraz, herritarrei martxotik aitzinera eskaini zitzaien arreta zerbitzua. Honela, pertsona kopuru hau hamar hilabetetan artatua izan da. Erabiltzaileak modu ezberdinetan ailegatu dira zerbitzura: zuzenean hitzordua bulegoan eskatuta, bertze batzuk Osasun Etxeetatik eta Gizarte Zerbitzuetatik deribatuta, eta baita ikastetxeetatik aholkatuta ere. Aipatutako entitateekin elkarlana sendotzea, berriekin erlazioak hastea eta batez ere, jendeari heltzea, populazioak zerbitzua ezagutzea eta erabiltzea da aurtengo helburu nagusietariko bat.
Tratatutako kasu edo arazoen artean nagusienak antsietatea, depresioa, dolua eta familia bizikidetasunean arazoak (banaketak, komunikazio arazoak, haurren hezkuntzan dudak…) izan dira, baina baita fobiak, adikzioak (drogomenpekotasunak, ludopatia, internet, mugikorra, erosketak, etab.), jokabide arazoak, autoestimu edo segurtasun falta, bortizkeriatik edo tratu txarretatik ondorioztatutako kalte emozionalak eta jazarpen kasuak artatuak izan dira. Artatutako pertsonen adinari erreparatuta, hauetatik gehiengoa helduak izan dira, 36-55 urte tartean daudenak; ondotik adin ttikikoak, 18 urte baino gazteagoak; gero gazteak, 18-35 adin tartekoak; eta bukatzeko heldu-adinekoak, 55 urte gorakoak. Eta terapiaren bukaerari begiratuta, kopuru haundienak psikologo eta pazienteak adostutako momentuan bukatu du terapia; gero, oraindik terapian daudenak daude; eta azkenik, terapia bertan behera uzten dutenak (psikologoarekin adostu edo solastu gabe).
Zonaldeko edozein pertsona: haur, nerabe edo heldu; zein familiari zuzentzen da zerbitzua. Hasierako xedearekin jarraitzen du: eskuhartze psikologikoaren bidez, populazioaren osasuna eta ongizatea bultzatzea; gorabehera emozionalak dituzten pertsonen bizi kalitatea hobetuz eta egokitzapen pertsonal, familiar eta soziala areagotuz. Bizitzan zehar gorabehera, krisi edo aldaketa momentuak izatea normala eta ohikoa baita; eta hauei aurre egiteko, edo azkarrago edota indartsuago ekiteko, laguntza psikologikoa onuragarria eta beharrezkoa izan daiteke. Hortaz, zerbitzua herritar guziei zabaldu nahi da. Honela ere, normalizazioa eta arreta psikologikoa desestigmatizatzea bertze helburuetako bat da; fisioterapeutara edo dentistara joaten garen bezala, psikologora ere inolako beldurrik eta lotsarik gabe joatea.