Eneko Fernandez, Julen Zelaieta eta Manu Goioganak irabazi dute Bortzirietako XIX. Taldekako bertso lehiaketa

Ttipi-Ttapa 2018ko urt. 2a, 13:04
Bortzirietako taldekako XIX. bertso lehiaketako finalean giro bikaina piztu zen.

Kotto saria Xabat Illarregi leitzarrarentzat izan zen, puntua jarri eta 9ko ttikian botatako bertsoarengatik

Joan den larunbatean jokatu zen Bortzirietako bertso eskolak hemeretzigarren aldiz antolatu duen Taldekako bertso lehiaketa. 19 izan ziren bertan parte hartu zuten bertsolariak, 5 epaile, 5 gai-jartzaile, 3 trikitilari eta 2 dokumentalistarekin batera.

Joan den urtean bezala, bertsolariak banaka hasi ziren kantari eta taldeak finalerdietan osatu ziren. Erran bezala, 19 izan ziren kantari parte hartu zutenak. Bertsolari bakoitzak ofizioka 3 bertso bota behar izan zituen, egokitu zitzaion ariketan (zortziko haundian, zortziko ttikian edo hamarreko ttikian) ondotik, puntu banari erantzun behar izan zioten eta akitzeko, zozketaz, erdiek hitz bat gai gisa hartu eta bertso bana bota behar izan zuten eta bertze erdiek aldiz objetu bat gai gisa hartu eta horri bertso bat bota behar izan zioten.

Punturik gehien zuten 12 bertsolariekin, suge sistema erabiliz, finalerdiak jokatuko zituzten lau taldeak osatu ziren. Berako Katakun jokatu zen lehenengo finalerdia. Erkin eta Jarrai taldeak (Iban Garro, Xabier Terreros eta Aimar Karrika) finalerako sailkatzea lortu zuen, Bat Bitan taldea (Iker Gorosterrazu eta Joanes eta Xabat Illarregi anaiak) menpean hartuta.

Bigarren finalerdia Lesakako Haizegoa ostatuan egin zen eta bertan, Hau ta hori ta hura taldea (Eneko Fernandez, Julen Zelaieta eta Manu Goiogana) nagusitu zitzaion Manolo ta bertze bi taldeari (Manolo Arozena, Ander Fuentes Itturri eta Alazne Untxalo).

Finala Lesakako Arrano elkartean jokatu zen, afal ondotik. Parte hartzaile, trikitilari, epaile, bertsozale,...giro ederra sortu zen Arranoko goiko gelan. Saio eder baten ondotik, Hau ta hori ya hura taldea nagusitu zitzaion Erkin eta Jarrai taldeari.

 

Kotto Saria Xabat Illarregirentzat

Finalaren ondotik, sari banaketa egin zen. Xabat Illarregik irabazi zuen, bertsorik onenari ematen zaion Kotto. Xabatek, Katakun jokatutako finalerdian 9 puntuko neurrian botatako puntu erantzuneko bertsoari esker eskuratu zuen sari preziatua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun