Bortzirietako bertso eskolaren XIX. Taldekako lehiaketa abenduaren 30ean jokatuko da

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko abe. 28a, 07:09
Joan den urteko finalista, antolatzaile eta laguntzaileak, Arranoko finalaren ondotik.

Iaz bezala, lehen fase irekia eginen dute Berako Xugan, lau talderen arteko finalerdiak Berako Katakun eta Lesakako Haizeguan eta finala Lesakako Arranon 

Bortzirietako bertso eskolak hemeretzigarren aldiz antolatutako Taldekako lehiaketa jokatuko da abenduaren 30ean. Iaz hasitako lehiaketa modu berriari eutsiz, lehen fase irekiaren ondotik, hiru bertsolariko lau talde osatuko dira.

 

Abenduaren 30ean, larunbatean 12:00etan jokatuko dira Berako Xugan lehen fase irekiko lehen bi kanporaketak, parte hartu nahi duen guziarendako irekiak. Ofizio bana zortziko haundian, ttikian edo hamarreko ttikian zozketaz, puntu bana eta hitza, objetua edo kanta zozketaz kantatuko dute. 14:00etan bazkaria eginen dute Xugan bertan eta bazkalondoan, 15:00etan bertze banakako bi kanporaketa jokatuko dituzte lan berarekin.

Sailkatzen diren lehen hamabi bertsolariekin, puntuazioaren arabera hiru laguneko lau taldetan banatu eta jokatuko dituzte finalerdiak. Lehenbizikoa Berako Katakun jokatuko dute 17:00etan eta bigarrena Lesakako Haizeguan 18:30ean.

Finalerdietan nagusitzen diren bi hirukoteek finala Arranon jokatuko dute. 21:00etan afaria eginen da eta ondotik finala. Afarirako txartelak 15 eurotan  eros daitezke. Izena emateko bortzibertso@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo 618963011 telefonora deitu behar da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun