Olentzero eta jaiotzen lehiaketak eginen dituzte igande eguerdian Lesakan

Ttipi-Ttapa 2017ko abe. 21a, 07:31

Iaz 20 Olentzero talde eta 5 jaiotza plazaratu zituzten Lesakan.

Eskualdeko bertze hainbat herrietara ere jautsiko da Olentzero

Heldu den igande eguerdian, abenduak 24, urtero bezala Olentzero eta Jaiotzen lehiaketa ospatuko du Lesakako Plaza Zaharrean. Azken urteetako ohiturari eutsiz, aitzinetik izena eman beharko dute taldeek eta horretarako abenduaren 21ean eta 22an, ortzegunean eta ortziralean jo beharko dute Turismo Bulegora (Beheko Plaza 5), 09:30etik 15:00etara.

 

Urtero bezala, Olentzero lehiaketako partaideak hiru mailatan banatuko dira: 10 urte arteko haurrak; 11 eta 15 urte artekoak eta 16 urtetik goitikoak. Jaiotzen lehiaketan, berriz, bi kategoria izanen dira: 10 urte artekoak eta 11 urtetik goitikoak. Sariak ere adinaren araberakoak izanen dira (erraterako, 300 euro maila nagusiko irabazlearentzat), baina talde guztiek izanen dute bere saria. Sariketara joan behar duten taldeak guttienez 6 pertsonakoak izanen dira eta bi abesti kantatuko ditu: bata, nahitanahiez “Olentzero buru haundia” eta bigarrena talde bakoitzak nahi duena. Talde bakoitzari, Olentzero, janzkera eta abestia, bat banaka puntuatuko zaio, eta puntuazio orokorra hiruren batuketa izanen da. 11-15 urte arteko taldeetan gaztetxoek beraiek egindako lana baloratuko da. Lehiaketa eta ondorengo sari banaketa plazan izanen da eta 11:30erako Olentzeroak eta Jaiotzak bertan egon beharko dute. Kategoria bakoitzean banatuko diren sarietaz gain, olentzero hoberenari Lesakako Udalak sari berezia emanen dio, eta hobekien abesten duen Olentzero eta Jaiotzarentzat ere, Lesakako Zerbitzuen Elkarteak ehuna euroko sariak emanen ditu. Ilunabarrean Olentzero irabazlea kalejiran ibiliko da Musika bandaren laguntzarekin.

Azken urteetan bezala, lehiaketatik kanpo ere parte hartzeko aukera izanen da, ondotik izanen den jaialdian.

Lesakako Udaletik Olentzero ez xehetzea aholkatu dute, honek haurrengan duen eraginagatik. Bertzalde, Olentzeroak xehetuz gero, biltzeak suposatzen duen kostua xehetu duen taldearen gain joanen da. 

Lehiaketarik ez, baina eskualdeko bertze hainbat herrietan ere izanen du hitzordua Olentzerok igandean. Gehienetan musika doinuekin eta kantuz emanen diote ongietorria, eta neska-mutikoek beraien eskutitzak ere emanen dizkiote. Ea bada, astelehen goizean gustoko oparia topatzen duten!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun