Eguberrietako kontzertua eskainiko dute Berako Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolako ikasleek abenduaren 20an

Ttipi-Ttapa 2017ko abe. 20a, 11:14
Iaz bezala, aurten ere San Esteban elizan eskainiko dute Eguberrietako kontzertua.

Asteazken arratsaldeko 6etan hasita San Esteban elizan

Joan den urtean bezalaxe, aurten ere San Esteban elizan eskainiko dute Eguberrietako kontzertua Berako Isidoro Fagoaga Udal Musika Eskolako ikasleek. Abenduaren 20an, asteazken arratsaldeko 6etan izanen dute hitzordua.

 

Musika eta Mugimenduko ikasleek ‘Haurtxo Maite’ eta ‘Eguberriko astotxoa’ eskainiko dute; bibolin taldeak ‘Strauss Waltzes’ eta ‘Trisch-Trasch Polka’; helduen abesbatzak ‘Dios Te Salve’ kantatuko du; kitarra taldeak ‘Ríe chinito’ joko du; helduen taldeak The Beatles-en ‘Let it be’; trikitixa taldeak ‘Ipar haizea’ joko du, Julia Artieda klarinetean, Eneritz Zapiain txalapartan eta Maria Jose Bergara pianoan lagun dutela; txistu taldeak, Sara Altzuguren eta June Lasarterekin, Enaitz Erkizia atabalean, Araitz Bizkai kitarran eta Amaiur Goñi kajoian lagun dituztela ‘Aurtzaka-Hegi’ joko du; perkusio taldeak ‘Gaueko izar’; abesbatzak ‘Adeste Fideles’ eta ‘Gabon onak’, talde instumentalak ‘Lau teilatu’ eta guztiek batera ‘Hiru Gabon abesti’ eskainiko dituzte, emanaldia bukatzeko.

 

Naroa Otamendi saritua Arrasaten

Bertze aldetik, Naroa Otamendi Abril, Berako Isidoro Fagoaga Musika Eskolako ikasleak urrezko domina lortu berri du, Arrasateko Akordeoi lehiaketan, B kategorian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun