Euskararen Eguna ospatu dute Lesakako Irain eskolan ere

Ttipi-Ttapa 2017ko abe. 18a, 08:42

Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an ospatu bazen ere, Lesakako Irain eskola Publikoko ikasle, irakasle eta familiek abenduaren 7an ospatu zuten. Egitarau luze eta zabal batez gozatzeko aukera izan zuten.

 

Goiz goizetik, Begiluzeri ongi etorria egin zioten ikasleek eta ondoren txistularien doinupean eta Zuk eta nik euskaraz elkarrekin lelopean, kalejiran abiatu ziren guztiak herrian barna, euskara plazaratu nahian. Plazan bertan, maila bakoitzeko ikasle taldeek, euskarazko abestien koreografia emanaldia eskaini zuten eta bukatzeko bertaratutako guztiek, Guk euskaraz eta Kontrapas kantak abestu zituzten. Arratsaldean berriz, ikasleak margolari lanetan aritu ziren eta arkupean irudikatutako horma-irudia, guztien artean margotu zuten. Egunari bukaera emateko, guraso elkarteak antolatuta, gerturatutakoek txokolatada eta taloak dastatzeko aukera izan zuten bai eta karaokean kantari aritzeko ere. Giro ezin hobean, ederrean ospatu zuten euskararen eguna!!!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun