MEC proiektuak desgaitasunak dituzten pertsonei lan-gaitasun eta abileziak garatzeko aukera luzatzea du jomuga, etorkizuneko enpleagarritasunerako bideak urratuz eta beren autonomian zein garapenean lagunduz. Helburua asebetetzera bidean, Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak desgaitasunak dituzten pertsonentzat lan eskaintzak sustatzeko, erakunde publiko eta pribatuen arteko sarea eraiki du.
Saria MEC programa ezagutzera eman duen Jokin Apezetxeak jaso du. Bide batez, 2015, 2016 eta 2017 urteetan proiektuan parte hartu duten eragile desberdinak nabarmendu nahi izan ditu: antolaketa eta esku-hartzean gizarte zerbitzuko gizarteratze eta autonomia programetako teknikariak, Toki Ona institutuko orientatzailea eta guraso elkartea eta EISOL (Equipo Incorporación Sociolaboral); Finantziazioan La Caixa eta Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea eta lan aukera eskaini duten empresa eta entitateak: Lesakako Udala, Urdi SL, Martiko, Toki Ona Ikastetxea-Berako Udala eta San Jose Zahar-Etxea.
Aurkezpenean Maria Eugenia Camporen lekukotasuna izan du ardatz. Izan ere, Maria Eugenia Campo desgaitasuna duen gazte baten ama da, entitate publiko eta pribatuen saretzeari esker, semearentzat udako lana aurkitu zuena. Bide batez, Maria Eugeniak berak Mankomunitateko teknikariei, Caixabank eta Aspace bezalako erakundeei eta herritarrei bere esker onak helarazi dizkie, egunerokoan eskaintzen dieten laguntzarengatik. Era berean, langileen lan-kalitate eta antolaketa-arloko saria Nafarroako Esklerosi Anizkoiaren Elkarteak (ADEMNA) jaso du, arreta plan indibidualak kudeatzeko metodologian egindako lanarengatik.
Nafarroako Gobernuaren Eskubide Sozialen departamentuak Gizarte Zerbitzuen Kalitatearen Sariak banatzearekin, Nafarroako zerbitzu sozialetan kalitatearen hobekuntza sustatzea eta jardunbide egokiak ezagutzera ematea du helburu.