1989ko irailean hartu zuen Isabel Lacarrek abesbatzaren lekukoa, Juan Bautista Irazoki erretorea Leitzara joan zenean. 28 urte joan dira, beraz, Igantzin lanean hasi zenetik. Orain, alde batera eta bertzera ezin ailegatuz, bertako abesbatzarekin daukan harremana gelditzea erabaki du. Udaberrian emana zion abesbatzako partaideei bere asmoaren berri eta momentua ailegatu da. Hortaz, abenduaren 16ko emanaldia berezia izanen da, dudarik gabe. Egun horretarako noizbait abesbatzan kantatzen aritu diren lagun guziak gonbidatuak ditu abesbatzak, kontzertu hondarrean denak elkarrekin kanta bat jendeari eskaintzeko asmoarekin. Aitzinetik, meza kantatuko du Abesbatzak eta dozena bat kanta kontzertuan.
Erran bezala, abenduaren 16an, larunbat ilunabarreko 8:30ean izanen da ekitaldia eta herri guzia gonbidatua dago abesbatzaren azken emanaldi honetara.