Antzezlanak lo egitea gorroto duen neskatila baten istorioa kontatzen du.
Txikia zenean, amonak ipuinak kontatzen zizkion oheratu aurretik. Protagonistak lau urte beteta, eta amona hilda duela, logelan bakarrik geratzen denean ez du lorik hartu nahi. Gauaren bakardadean, Anek ez ditu begiak itxi nahi, eta etengabe oroitzen da amonak erakutsi zion guztiaz.
Esku artean puxtarri batzuk hartu eta hitz-joko bat egiten dio bere panpinari, eta, bat-batean, hitz magikoak izango bailiran, Aneren ohea hegan hasten da. Hala, zenbait leku bisitatuko ditu bere ohe hegalarian, eta, ikusleen laguntzaz, zenbait erronka gainditu beharko ditu bere logelara itzuli ahal izateko.
Antzerkirako egokitzapen hau bidaia bat da denboran, Nafarroako geografian barrena, haur baten ilusioetan eta familia baten errealitatean.
Antzezlan honetan, ahozko tradizioa, ipuinak, jolasak, formulak eta kantu herrikoiak berreskuratu dira, XXI. mendeko haurrengana irits daitezen.