Abenduaren 7an, ortzegun arratsaldeko 7etan, Eskolzarren, Bide eginez. Nafarroako Ikastolak 1969tik 1991 arte. Igantziko Ikastola izeneko solasaldia izanen da. Hizlaria Juan Luis Larraza izanen da. Larrazak oraintxe argitaratu du Bidea eginez liburua, eta bertan kontatzen du Nafarroako ikastolen lehen 22 urteetako ibilbidea. Akaso igantziar aunitzek ahantzia izanen dute, baina bertan ikastola izan zen, 1991. urtean sare publikoan sartu zen arte. Ikastola ttiki haren nondik-norakoak oroitaraziko ditu Larrazak. 22:00etan, berriz, Mugaldekoak taldearen kontzertua izanen da, Baratzondon. Talde beratarrak bere azken diskoa, Galdemoduen trilogia, aurkeztuko du.
Abenduaren 8an, ortzirale eguerdian kantu poteoa izanen da Mitxelena aita-semeekin, elkarte eta ostatuetan. Arratsaldea, berriz, saskiari omen egiteko izanen da. Badira hamabortz urte herriak omenaldi bikaina egin ziela herriko saskigileei eta, orokorrean, saskigintzaren lanbideari. Garai hartan oraindik zenbait saskigile lanean ari ziren, baina gaur egun dagoeneko inor ez da herrian lan horretan ari. Horregatik, batzordeak berriz saskigintzarekin lotutako zenbait ekitaldi antolatu ditu, denak Baratzondon.
Arratsalde guzian saskia egiteko tresnen erakusketa izanen da, eta duela hamabortz urte egindako argazkiak ere ikusgai izanen dira. 16:00etan haurrentzako saskigintza tailerra izanen da. Jesusmari Garberekoa arituko zaie saskia nola egin irakasten. 18:00etan, Azken saskia dokumentala eskainiko da. Oier Fuentesen dokumental horrek Euskal Herrian, Espainian, Afrikan, Errusian nahiz Quebec-en egindako festibaletan parte hartu du, eta hainbat sari jaso ditu. Hamar minutuko dokumental honetan, Jesus Mari Sein agertuko zaigu, gaztainarekin saskiak lehengo eran egiten zituen azken nafarra. Ikus-entzunezko horretan bere ofizioa eta bizitzaren errepaso bat egiten da, eta bere azken saskia egiten ikusten da, ogibide horren desagerpenaren arrazoien inguruko hausnarketa bultzatuz. Eguna goxo akabatzeko, Biltokin opil jatea izanen da, 18:30etik aitzinera.
Abenduaren 9an, larunbat arratsaldeko 4etan hasita, haurrentzako perkusio tailerra izanen da eskolan, Zo-zongó taldearekin, eta ondotik batukada emanaldia eginen dute herrian barrena. Akabailan haurrentzako berendua ere izanen da. 21:00etan, helduentzako antzerki emanaldia izanen da Baratzondon. Ramon Agirre eta Inazio Tolosa aktoreek Putinen guardasola antzezlana eskainiko dute. Ray eta Nik musikarien paperean sartuko dira bi aktoreak. Lehendakariak euskaldun guztiak batuko dituen himnoa nahi omen du, eta musikari horiei egin omen die enkargoa.
Kultur egunei akabaila emateko, abenduaren 10ean igande eguerdian hasita herriko dantza taldearen emanaldia izanen da, herrian barrena.