Toti Martinez de Lezea idazleak piztuko du IrriSarriko txondorra abenduaren 2an

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 29a, 07:04

Txondorra piztu ondotik, hainbat ekitaldi kultural eta ludiko abiatuko dira.

Egitasmo horren bidez, euskal kultura eta historian egindako lana goraipatu nahi izaten dute

Irirsarri Land parkean, laugarren urtez, 18.000 kilo egur erabiliz egin txondorra aurtengoan Toti Martinez de Lezeak piztuko du, abenduaren 2an. Idazle gisa egin duen ibilbide oparoarengatik eta mitologiaren bidez euskal kultura hedatzen eginiko lanagatik aukeratu dute.

 

Toti Martinez de Lezea 1949an Gasteizen jaio zen idazlea da, euskaraz zein gazteleraz idatzi izan duena. Helduendako ez ezik, gazte eta haur literatura egin izan du, eta zenbait lanetan, euskal mitologia hartu du oinarri. Mitologiak Irrisarrin duen presentzia aintzat hartuz, erran daiteke horixe dela idazlea eta parkea harilkatzen dituena. Izan ere, Baxi izeneko basajauna da parkeko maskota; bidaxketan barrena, euskal mitologiako hainbat pertsonaia ezagutzeko aukera eskaintzen dute; pertsonaiok ezagutzeko liburua sortu dute...

Bide batez, Toti Martinez de Lezeak Ikaztegiako, duela bi urte egin zuten ikatzaren museoko, enbor batean bere arrastoa utziko du, aitzinetik Iñaki Perurenak, Xabier Euzkitzek eta Xabier Agotek egin zuten moduan. Ekitaldian, parkeko gerentea den Joxe Elgorriagak esku-hartuko du.

Txondorra piztearekin batera, hainbat ekitaldi kultural eta ludiko abiatzen dira. Horietarik, Olentzeroren etorrera da nagusitzen dena. Aurten ere, abenduaren 16an eta 17an Irisarrin izanen da, ttikienen gutunak biltzen.

Txondorraren egunaren harira, jarduera nagusia ikatza lortzeko txondor hori piztea izanagatik (bereziki parkeko jatetxean parrillarako erabiltzen dena), ez erran daiteke eguneko ekintza bakarra hori izanen denik. Bertzeak  bertze, Iñaki Etxepare biolontxelo jotzailearen kontzertua, ikazkinen bazkaria eta Gorka Zabaletaren musikaren doinupean afaria ere izanen dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun