4.569.000 euroko aurrekontua onartu du Berako Udalak aho batez

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 27a, 15:04
Zahar Etxean ura berotzeko eguzki-plakak jarri eta portxea egiteko 100.000 euroko inbertsioa eginen da, dirulaguntza lortzen bada..

Aitzineko urteetan bezala, mailegurik eskatu gabe berdintzea lortu dutela azpimarratu dute

Berako Udaleko Osoko Bilkurak azaroaren 15ean aho batez behin behinekoz onartu ditu 2018rako aurrekontuak, EH Bildu, Herrirako eta UPNko zinegotzien aldeko bozkekin. 4.569.000 eurokoa izanen da aurrekontu osoa, iazkoa baino milioi erdi guttiagokoa. Azken bi urteetan bezala, mailegurik eskatu gabe berdintzea lortu dutela azpimarratu dute.

 

2017-2019 Azpiegitura Planean hiru obra

Inbertsioen atalean, aurten Nafarroako Gobernuko 2017-2019 Azpiegitura Planean sartutakoak dira garrantzitsuenak eta bertze inbertsioak egiteko aukerak mugatzen dituzten. Honela, Usategietako depositoa egiteko proiektuak 360.000 euroko aurrekontua du. Aspalditik Udalak eskatzen zuen azpiegitura da eta behin proiektua eginda, Eltzaurdia auzoko ur arazoak modaltzea espeto dute eta etorkizunean Ibardinera herritik ura eramateko tarteko biltegi gisa ere baliagarria izanen da. Larratxenbordako bidea moldatzeak 120.000 euroko aurrekontua du eta 2017rako emanak diren Gorostigain eta Zalaingo bideekin batera eskatua da. Dirulaguntza hau ohiko etxebizitzetara doazen bideak moldatzeko da. Egoera txarrean dauden bide hauek moldatuko dira. Bidasoa-Agerran argiteria berritzeko 245.000 euroko aurrekontua da. LED gisako argiak jarri eta instalazio guztia berritzea aurre ikusten da, hagitz zaharkitua dagoelako. Inbertsio honekin 6.000 euro aurreztuko dira. Lan hauek probestuz Bidasoa karrikako espaloia moldatuko da eta fibra optikoa sartzeko hodia ere jarriko da, gero kablea pasatu ahal izateko, herria Nafarroako Gobernuaren fibra sarera lotuz.

Hiru lan hauetarako 400.000 euroko dirulaguntza onartua du Gobernuak. Aldi berean, plan honen barrenean libre erabakitzeko ataletik 115.000 euro jasoko ditu Udalak 2018an inbertsio horiek ordaintzeko. 

Zahar Etxean eguzki plakak jarri eta portxea egiteko 100.000 inbertsioa eginen da. Azpiegitura Planetik kanpoko inbertsioa nagusia izanen da. Berako Udalak landa garapen planera aurkeztuko du eta dirulaguntza lortuko balu, eginen luke. Ura berotzeko plaka hauekin urtean 7.000 euro aurreztea espero dute gas kontsumoan.

Udalaren asmoa, poliki poliki, kanpotik datozen energiak bertako energia berriztagarriekin ordezkatzea da, ekonomikoki eta zer erranik ez, ekologikoki hagitzez hobeak direlako.

Herriko azpiegiturak mantendu eta moldatzeko Udalaren autonomia hobetu asmoz, alde batetik langilerian inbertitzen ari da Udala eta bertzetik makinarian ere inbertitzeko asmoa du. Horretarako 2018ko aurrekontuan 30.000 euroko partida bat aurre ikusi dute mendiko bideak moldatu eta bertze herri lanetarako balioko duen makinaren bat erosteko. “Poliki poliki, Berari dagozkion zerbitzu publikoak Udalak bere gain hartu beharko lituzkeela uste dugu horretarako bai langilez nahiz makinariaz hornituz”, aipatu du Josu Iratzoki Berako alkateak.

Horiek dira aurtengo aurre ikusi diren inbertsio nagusiak. 2019 urterako berriz geldituko dira Azpiegitura Planeko gainerako obrak: Eztegara frontoiko 3. eta azkeneko fasea, ostatua, komunak etab. egokitzea: 172.217 euro; Agerrako ur hornidura eta saneamendu sareak berritzea: 441.370 euro eta Musika Eskolan igogailua jartzea: 51.919 euro.

 

Diru sarrerak

Diru-sarreretan, Hirurteko Planari dagokienaz gain, IDAE eta Cedernak kudeatzen dituzten Europako dirulaguntzak baliatuz efizientzia energetikoan hobekuntzak egin nahi dituzte eta hemendik ere inbertsioak egiteko dirua jasotzea espero da. Alde batetik, led argiak jartzeko Bidasoa eta Agerran eta, bertzetik, Zahar Etxean ura berotzeko eguzki plakak jartzeko 170.000 euro inguru jasotzea espero dute, bi proiektuetarako. Nafarroako Gobernuak udalei banatzen dien Fondoa zerbait igo da eta hortik ere gehixeago jasoko du, udal finantziazioa hobetze bidean. Aldiz, gainbalio eta obrei dagozkien zergetan jautsiera koskorra aurre ikusten du Berako Udalak, 60.000 euro guttiago. Aurrekontua berdintzeko mendia izanen da bertze diru-iturri bat, Intzolako pinadegia saltzea aurre ikusten baitu Udalak, 126.000 eurotan.

Hasiera bateko onespenaren ondotik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udal Iragarki Taulan jarriko dute udal aurrekontua, hamabortz laneguneko epean jendaurrean egonen da herritarrek eta interesatuak azter dezaten eta nahi dituzten erreklamazioak jar ditzaten eta epe hori iragan ondoren, erreklamaziorik ez balego, aurrekontua behin betikoz onetsitzat hartuko da. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun