Abendu bero-beroa izanen dute Berako Kataku ostatuan

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 28a, 07:00

Iban Urizar, Amorantek emanaldia eskainiko du ortzirale arratsean Katakun.

Berako Kataku herri ostatuak, abendurako hainbat ekitaldi antolatu ditu. Abenduaren 1eko, ortziraleko, Amoranteren kontzertuarekin hasiko dute hilabetea eta abenduaren 23ko Zotal Toatl festarekin bukatu. Bien bitartean, abenduaren 10ean, 16an eta 17an ere izanen da non gozatua.

 

 

Abenduaren 1ean, ortziralean, gaueko 11etako Amoranteren kontzertuarekin hasiko dute abendu bero-beroa. Iban Urizarren eskutik, Alaitz Alberdi, Joseba Agirrezabalaga, Rafa Rodrigo eta Josune Galartzaren, lau artisten arteko elkarlana, baliatuz, soinu postalez gozatzeko aukera izanen da.

Abenduaren 10ean, igandean, Kataluiniako CDRak hitzaldia eskainiko du. Izan ere, Kataluinia herriak inoizko mobilizaziorik haundiena bizi izan du azken hilabeteetan. Urriaren 1erako, jendearen antolakuntzarekin sortu ziren Erreferundumaren Defentsarako Komiteak, orain Errepublikaren Defentsarako Komiteetan (CDR) bihurtu dira. Herri batasuna eta herri mobilizazioa hizpide edukita antolatzen dira Komite hauek, herritik eta herriarentzako Errepublika duin bat helburu izaki, Errpublikaren Defentsarako Komite horien inguruan gehiago jakiteko, abenduaren 10ean eguerdiko 12tan hitzaldia izanen da Katakun. Bartzelonako Grácia auzoko CDR-ko partaideak eta Esquerra Independentistako kideak bertan izanen dira.

Abenduaren 16an, larunbatean, 23:00etan Muskulo taldearen kontzertua izanen da. Biharamunean, abenduaren 17an, berriz, Bertsolari  Txapelketa Nagusiko saioa izanen da ikusgai 11:00etatik aitzinera. Egun osoko jarraipena pantaila erraldoian eta bazkaria (sagardotegi menua, 25€tan).

Azkenik, abenduaren 23an, larunbatean, 14:00etan, Zotal Toatl festen musika jaialdia izanen da. Bertzeak bertze, 14:00etan bazkaria eta 18:00etan herriko musikariekin zuzeneko musika maratoia izanen dira.

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun