Kabi biluziak dokumentala
Genero indarkeria gai duen dokumentala Etxalarren, Arantzan, Igantzin eta Lesakan izanen da ikusgai.
Azaroaren 24an Etxalarko Kultur Etxean eskainiko dute 19:00etan, egun berean, 19:30ean, berriz, Arantzan. Azaroaren 25ean Igantzik hartuko du lekukoa eta Herriko Etxean, 20:30ean. Azkenik, azaroaren 26an, Lesakako Harriondoa Kultur Etxeko Zumarra gelan, 18:00etan eskainiko dute.
Elkarretaratzea eta mahai ingurua
Beran, berriz, elkarretaratzea eginen da hilaren 24an, 10:30ean, Toki Ona Institutuan. Arratsaldean, berriz, emakumeen aurkako bortizkeriaren inguruko protokoloak izanen dituzte hizpide Goldaz, Berako Emakume Talde Feministako partaideek, Baztango Ikastolakoek eta Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatekoek.
Jostailuen inguruko sentsibilizazio mezua
Jostailuak haurren garapen mentala, fisikoa, soziala eta emozionala ahalbidetzen duten tresnak direnez haurren izaeran, pentsaeran, jokaeran... eragin zuzena dute. Beraz, gurasoek, haurren eredugarri eta balioen helarazle direnek, jostailu bat aukeratzerakoan, aintzat hartu beharrekoak bildu dituzte mezu horretan.
Autodefentsa tailerra
Bertzalde, urtero bezala, Toki Onako ikasleei zuzenduta, neskak eta mutilek gaia jorratzeko jarduera teoriko-praktikoak lantzen dituzte: afektibitatea, errespetua, jeloskortasuna, ezetza, kontrol moduak, teknologiaren eragina, etab. ardatz dituztenak. Horrela, mikro-matxistak diren jarrerak identifikatu, eta horiei aurre egiteko trebatzea da helburua.