Ordutegiari dagokionez, astelehenetik ortziralera 09:00etatik 17:00etara eskainiko da eguneko zentroaren zerbitzua, baina kasuan kasu, erabiltzaileen beharretara egokituko daitekeela ere azpimaratu dute. Gosaria eskaintzen diete erabiltzaileei, eta 10:00etatik aitzinera ekintzekin hasten dira: «Zahar etxeko bizilagunekin nahasten ditugu eta gustu eta beharren arabera talde ezberdinetan banatzen ditugu erabiltzaileak. Profesionalek (fisioak, erizainak, terapeuta okupazionalak eta animatzaileak) erabiltzailea baloratu eta jartzen zaizkion helburuei begira ezartzen dira ekintzak (gerontogimnasia, erreabilitazioa, programa kognitiboak, psikomotrizitate programak...). 13:00etan bazkaltzen dute, ondotik lo kuluxka, telebista ikusi eta 15:00etatik 17:00etara berriro ekintzak egiten dituzte; eskulanak, jokoak, kantu zaharrak, bolondresen paseoak, reposteriako tailerra...», jakinarazi dute.
Itziar Larralde langileak aipatu digunez, «zerbitzu integrala da erabilearentzako. Erabat irekia da eta jendea probatzera animatzen dugu. Erabiltzailearekin egokitzapen planak ere egiten ahal ditugu; erabiltzailea eta familien beharretara egokituta. Hala ere kasu bakoitza baloratzeko zahar etxetik pasa eta bertan informazioa eskatzea gomendatzen dugu».