Bisita gidatuei dagokienez, aurten 300 lagun inguruk ezagutu dute barrenetik ehundaka urteko tradizio hau eta hauetako batzuek, usoak eta beraiekin egiten den lana bertatik bertara ikusteko aukera izan dute. Bisitari gehienak Euskadi eta Nafarroatik etorri dira. Aurten, Etxalarko Landagain eskolako haurrak ere etorri dira usategietara, bisita berezia, izan ere beraiek izanen baitira tradizioari jarraipena emanen diotenak.
Hamabi uso bizien zozketa, azaroaren 10ean egin zen, gastronomia lehiaketa egunean eta zenbaki irabazlea 2919-a izan zen, bigarren sariaren zenbakia (Bi lagunentzako afaria Elutsan), 2355-a eta eta hirugarrena (usategietako produktu lotea), 2590 zenbakia. Lehenengo sariak badu irabazlea, baina bigarren eta hirugarren zenbakiak oraindik ez. Beraz, zenbaki hauetakoren bat duenak, 690 26 77 56ra deitu behar du, saria eskuratu ahal izateko, hiru hilabete baino lehen.
Etxalar bigarrena, Napalen ondotik
Pirinioetako 9 sarezko usategien harrapaketen “ranking”-ari dagokionez, aurten Etxalar bigarren postuan gelditu da eta gehien harrapatu duen usategia eta txapela haundia eramanen duena berriz, Napal izan da 1.163 uso harrapatuta. Bigarren Etxalar 1.102 usorekin, hirugarrena Lanne, 790rekin, laugarrena Oskix, 720rekin, bostgarrena Lantabat 401-ekin, Lecunberry 286rekin, Sara 225rekin, Aldude 145rekin eta boneta ttikia Behorlegui-rentzat, 99 usorekin.
Datorren abenduaren 2an, Pirinioetako sareetako usazale guztien urteroko bazkaria ospatuko da eta aurtengoan etxalartarrei suertatu zaie bazkari hau antolatzea, beraz ez da girorik faltako egun horretan herrian.