9 kilo eta metroko luzera duen izokin eme bat aurkitu dute Alkaiagan

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 20a, 09:14

Bidasoako basozaina azken hamarkadako izokin handiena eskuan duela.

Azken hamarkadan aurkitu den izokin bizi handiena da eta ugalketarako erabiliko da, barruan 18.000 arrautza izan baititzake.

 

 

Bidasoako basozainek 9 kilo eta metroko luzeera duen izokin emea aurkitu dute Alkaiagako nasan. Azken hamarkadan aurkituriko izokin bizi handiena izateaz gain, 18.000 arrautza izan ditzake barruan. Hortaz, Oronoz-Mugairiko arrain-haztegira eraman eta ugalketarako erabiliko dute. Bidasoako ibaia izokinen topaleku bihurtzen da udazkenean. Izan ere, izokinak ur gezean jaio eta itsasora joanagatik, ugalketa-prozesurako ibaietara itzultzen dira. Zalantzarik gabe, udazkeneko ur-emari handiak dira baldintza egokienak. Baina, udazkenean ez ezik, udaberrian, baita uda euritsuetan ere, izokinek Bidasoako ibaira jotzen dute, ur egokien bila.

Azken hamarkadako handiena Bidasoako izokinen berreskuratzerako erabiliko da

Joan den astean aurkituriko izokin hori azken hamarkadan aurkituriko izokin bizi handiena da. Orain dela lau urte Endarlatsan 12 kilogramoko izokin hila arrantzatu zuten eta 2016an, berriz, Artzabalen 8,7 kilokoa. Alabaina, azken urteetan izokinek, banaz bertze, gutienez 3 kg eta gehienez ere 5 kg izan ohi dituzte. Aipatu bezala, izokina Oronoz-Mugairiko arrain-haztegira eraman zuten, ugalketa-prozesuan erabili eta arrainkume gehiago lortuz, Bidasoako izokinak berreskurratzeko erabiliko dira barruan izan ditzakeen 18.000 arrautzak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun