Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Astearekin hasiak dira Beran

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 17a, 08:34

Goldatz emakume feminista taldeak antolatuta terminologia tailerra egin dute ortziralean 

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna izanen da azaroaren 25ean eta Goldatz Berako Emakume Feminista Taldeak aste osorako egitaraua prestatu du. Lehen ekitaldia azaroaren 17an, ortziralean izan zen Beralandetan. Hain zuzen, Ainara Velez eta Aitziber Esnaolaren eskutik terminologia tailerra izan zen, "Oinarrizko hiztegi feminista" zehazteko.

 

Azaroaren 18an, larunbatean mural margotzea egin dute egun guztian zehar Eztegarako frontoian.

 

Aste honetan gehiago

Azaroaren 24an, Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatutako mahai ingurua eginen dute 19:00etan Beralandetan, “Emakumearen aurkako bortizkeriaren inguruko protokoloa” azaltzeko. Goldatz taldeko kidea eta bertze bi eragile izanen dira hizlari. Ondotik, pintxo pote more informatiboa eginen dute herriko ostatuetan 19:30etik aitzinera. Aipatzekoa da egun horretan, azaroaren 24an, ortziralean 10:30ean elkarretaratzea eginen dela Toki Ona Institutuan.

 

Desatrapadas dokumentala

Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira, Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen eskutik, Desatrapadas dokumentala eskainiko dute herriz herri. Etxalarren, azaroaren 24an, ortziralean 19:00etan eskainiko dute Kultur Etxean. Arantzan, azaroaren 24an, ortziralean, 19:30ean eskolan. Igantzin azaroaren 25ean, larunbatean 20:30ean Herriko Etxean eta Lesakan, azaroaren 26an, igandean 18.00etan Harriondoa Kultur Etxeko Zumarra gelan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun