Hiru gai ezberdin proposatuko dira 15 minutuz mintzagai gisa eta hizketalditxo hauetariko bakoitza, lagun talde ezberdinarekin eginen dute. Ekimenaren dinamizazioaz Joseba Olagarai ETBko kazetaria arduratuko da. Eta euskal kulturako pertsonaia ezagunek parte hartuko dute ekimenean: Joseba Irazoki musikaria, Mikel Taberna idazlea, eta Julen Zelaieta eta Eneko Fernadez bertsolariak bertzeak bertze.
Hau horrela, haiekin solasean aritzeko eta haiek ezagutzeko aukera ere izanen da. Giroa eta parte-hartzea bultzatzeko, hamaiketako goxo baten aitzakia ere izanen da.
Ekimenaren helburua finean, euskaraz mintzatzeko aukera bat gehiago eskaintzea da, batez ere euskara ikasten ari direnei, praktikarako jauzia egin dezaten. Baina era berean euskaldunen arteko harreman sareak ehuntzea ere bilatzen da ekimenarekin. Izan ere, Mintzodromoan parte hartu ondotik, bertan egindako lagun berriekin, euskaraz erlazionatzeko joera biderkatu baitaiteke. Eta modu honetan euskaldun zahar eta berrien arteko igurtziak areagotzeko aukerak ere.
Sareuskak Mintzodromoan parte hartzeko deialdi berezia egin nahi die Bortziriak, Hego Lapurdi eta Irun-Hondarribiko euskaltegietako ikasle eta irakasleei eta baita mintzapraktika programetako parte-hartzaileei ere. Hala ere, ekimena guztiz irekia da eta edozein euskaltzaleri zuzenduta eta irekia dagoela azpimarratu nahi dute.