Asier Errasti film laburren jaialdian euskarazko pelikularik onenaren saria jaso du Berako Katubik

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 14a, 12:30

Eibarko Asier Errasti film laburren lehiaketan saritutako zinemagileak, tartean, Oier Fuentes Katubiko ordezkaria.

Kreba filmarekin lortu dute garaikurra Eibarko lehiaketan.

Sariz sari segitzen du Berako Katubi ikus-entzunezkoak & komunikazio artisauak. Duela aste batzuk, zuzendaritza onenaren saria hartu zuten Lekeitioko 40. Euskal Zine Bileran. Orduko hartan, Aska Tasun Hari filmagatik izan zen, zinemagile amateurren sailean.

Eibarko lehiaketan, berriz, Kreba filmarekin lortu dute saria Katubikoek. Lantalde osoaren izenean, Oier Fuentes ordezkariak azaroaren 11n hartu zuen saria. Pozik hartu zuen eta esker oneko hitzak izan ditu: «horrelako jaialdiek bertako sormena bultzatzeko balio dute, motibazio estra bat dira egileentzat eta egiten den lan hori izugarri eskertzekoa da». Hala ere, Ttipi-Ttapari aitortu dionez, hutsunea somatzen du euskarazko ekoizpenetan: «guttiengoa gara jaialdi guztietan». Horregatik, hain zuzen, «euskarazko ekoizpen gehiago egitera animatuko nituzke egileak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun