Azaroaren 4an erabaki zituen sariak Tolosako Jose Maria Arrigain, Lesakako Telletxea argazki dendako Idoia Telletxea eta Irantzu Pastor argazkilariek osatutako epaimahaiak. Lehenbiziko saria Kataluniako Banyoles hiriko (Girona) Miguel Planells Saurinak lortu zuen, En su soledad izeneko argazkiarekin. Honek 350 euroko sari bat eta garaikurra eskuratu ditu. Bigarren saria (250 euro eta garaikurra) ere Kataluniara joan da, Bartzelonako Cornellá de Llobregat hiriko Diego Pedra Benzal-ek eskuratu baitu, Triste destino izeneko lanarengatik.
Kirol argazki hoberenarentzako saria, 200 euro eta garaikurra, Ordiziako (Gipuzkoa) Miguel Romero Barcok eskuratu du, En la salida argazkiarekin. Eta azkenik, azken bi urteetan bezala, Jon Martinez Etxabarri argazkilariak Lesakako egile hoberenarentzako saria lortu du, Sai arrea argazkiarekin. 200 euro eta garaikurra eskuratu ditu lesakarrak ere.
Argazki guztiak Harriondoa Kultur Etxeko Komentuko elizan daude ikusgai abenduaren 3ra bitarte. Erakusketa irekia egonen da ortzegunetik larunbatera 17:00etatik 19:30era eta igandetan 11:30etik 13:30era.