Andra Mari Abesbatzaren emanaldiak borobildu du Isidoro Fagoagaren urtea Beran

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 13a, 08:49

Errenteriako koralak emanaldi bikaina eskaini zuen larunbat arratsean San Esteban elizan

Isidoro Fagoaga, bada tenorea! goiburupean Berako Illekueta auzoko Agramonteko tenore eta idazlearen omenez urte osoan antolatu diren ekitaldiak borobiltzeko goi-mailako kontzertua eskaini zuen San Esteban elizan azaroaren 11n Errenteriako Andra Mari Abesbatza famatuak. 

 

Bertzeak bertze, Gabriel Fauréren Requiem-a abestu zuen 1966n Jose Luis Ansorenak sortutako abesbatzak. Requiem-az gain, Peñafloridako Kondearen Irten ezazu, Vicente Goicoechearen Karmengo Birjinari, Aita Madinaren Aita gurea eta Gabriel Fauré beraren Cantique de Jean Racine abestu dituzte, Andoni Sierraren zuzendaritzapean. Miren Urbieta sopranoa, Jesus Garcia Aréjula baritonoa eta Alice Mendizabal organista aritu dira bakarlari, hiruak ere maila handikoak.

 

Isidoro Fagoaga gogoan

Joan den apirilaren 26an 80 urte bete ziren Gernika Bonbardatu zutenetik. Gertakari latz horrek berebiziko garrantzia izan zuen Isidoro Fagoaga beratarrarengan. Urtemuga hori aitzakiatzat hartuta, Isidoro Fagoagaren bizitza eta ibilbide artistikoa ezagutzera emateko hainbat ekitaldi antolatu ditu Isidoro Fagoagaren Lagunak elkarteak, Berako Udalarekin lankidetzan. Apirilean, Isidoro Fagoagaren ibilbidea bildu zuen erakusketa zabal batekin eta Karnaba otxotearen kontzertuarekin eman zitzaion hasiera urtemugari, eta udaberrian Isidororen ibilbidea ezagutzeko solasaldiak, hainbat kontzertu, musika eskolako ikasleen antzerki musikatua… egin ziren. Herriko ikastetxeekin ere landu zen gaia, eta erakusketan parte-hartu eta bisitatzeaz haratago, Fagoagaren bizimodua biltzen duen komiki bat izan zuten ikasleek eta ginkana batean parte hartu zuten.

Omenaldi nagusia, nolanahi ere, maiatzaren 6an, egin zitzaion, Berako Abesbatzaren, Bandaren eta Gure Txokoako dantzarien eskutik, eta bere sortetxeko atarian, Illekuetako Agramontean, oroit-plaka bat paratu zen.

Udazkenean, larunbateko Andra Mari Abesbatzaren emanaldiaz gain, Javier Perez de Azpeitia pianista beratarrak eta Manuel Olano tenore errioxarrak kontzertua eskaini zuten irailean.

Urtemugako ekitaldiak epe ertainera zerbait iraunkorragoa sortzeko baliatu nahi dute antolatzaileek, eta familiarekin eta Udalarekin esku hartuta, Nafarroako Gobernuarekin ere harremanetan dira. Lehendabiziko zeregina izanen da Isidorok kutxetan sartu zuen bere material guztia (korrespondentzia, argazkiak, jantziak, kartelak, osagarriak…) inbentariatzea eta berreskuratzea, ondare hori balioan paratu eta zabaltzeko, Isidororen lanak Berako herrian toki iraunkor bat izanik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun