Berako XIX. Kafe Antzerki Zikloaren bigarren emanaldia azaroaren 10ean izanen da

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 9a, 06:57

IƱaki Santos eta Joseba Usabiaga, 'Ni ala zu' antzezlanean.

Joseba Usabiagak eta Iñaki Santosek ‘Ni ala zu’ taularatuko dute ortzirale arratseko 10etan Auzoa ostatua 

Berako XIX. Kafe Antzerki Zikloaren bigarren emanaldia azaroaren 10ean (ortziralea), 22:00etan, Auzoa ostatuan izanen da. Joseba Usabiagak eta Iñaki Santosek Ni ala zu antzezlana eskainiko dute. Lan honek euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko 2017ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza izeneko programan bigarren saria lortu zuen.

Musikarien paperean arituko dira biak, nahiz eta bat ero moduan aurkeztua den. Musikak gaixotuak dena daki musikaz, parean duen musikariak baino gehiago. Eta musikari handia dela kontatzen du, eta munduan barrena ibiltzen dela munduko kantari eta musikari ezagunekin. Parean duenak, ordea, badaki, edo badakiela uste du, gaitzaren ondorioz amesten dituela egoera horiek eta abenturak asmatu eta sinistu egiten dituela. Eta eroak kontatuko dizkio non ibilia den eta norekin, eta toki hartatik opariak ekarriko dizkio bisitan datorren bakoitzean, eta asmo berriak jakinaraziko dizkio. 

Azken emanaldia azaroaren 17an (ortziralea) izanen da, 20:00etan, Bidaxka ostatuan. Jon Martin eta Xamoa bertsolarien eta Andion Iturbide eta Eñaut Gantxegi aktoreen Espuela nahi? ikuskizuna izanen da. Bertsoak eta antzerkiak bat egiten duten ikuskizun honetan ostatuetako zerbitzariei buruz arituko dira. Izan ere, zer litzateke bizitza zerbitzaririk gabe? Haiek dira bezeroen psikologo, haiek bezeroen deseo ezkutuen asetzaile. Bertsolariak kamarero paperean jarriko ditu ikuskizunak eta posizio pribilegiatu horretatik kantatuko diote entzuleari. Entzuleen artean, ordea, denak ez dira ikusle inuzenteak izanen. Tartean izanen da zerbitzarien lana zailtzen tematuko den aktoreren bat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun