Andra Mari Abesbatzaren emanaldiak borobilduko du Isidoro Fagoagaren urtea Beran

Xorroxin irratia 2017ko aza. 10a, 06:50

1966an sortu zen Errenteriako Andra Mari abesbatzak kantatuko du Beran.

Errenteriako koralak azaroaren 11n eskainiko du emanaldia, larunbatean 20:00etan San Esteban elizan

Isidoro Fagoaga, bada tenorea! goiburupean Berako Illekueta auzoko Agramonteko tenore eta idazlearen omenez urte osoan antolatu diren ekitaldiak borobiltzeko goi-mailako kontzertua antolatu dute. Errenteriako Andra Mari Abesbatza famatuak emanaldia eskainiko du azaroaren 11n, larunbatean 20:00etan San Esteban elizan. 

 

Bertzeak bertze, Gabriel Fauréren Requiem-a abestuko du 1966n Jose Luis Ansorenak sortutako abesbatzak. Ez da lehenbiziko aldia Andra Mari Abesbatza Berara etortzen dela. Badira 30 bat urte kontzertu ederra eskaini zuela San Esteban parrokian. Urte hartan Gure Txokoako Arte sailaren eskutik etorri zen Berara.

Eskarmentu handiko taldea da Andra Mari abesbatza. Sari ugari irabazi izan ditu lehiaketetan eta antzoki eta jaialdi garrantzitsuetan aritu da (nahiz Euskal herrian,  nahiz espainiar estatuan edo atzerrian). 10LP eta 8 CD grabatzeaz gain, era guztietako koru-musika lantzen du, horien artean opera eta zarzuela antzeztuak. Hala ere, euskal musika lantzea da bere berezitasunik nagusiena.

 

Andoni Sierra da gaur egun Andra Mari abesbatzaren zuzendaria eta azoaren 11ko kontzertuan, Miren Urbieta sopranoa, Jesus Garcia Aréjula baritonoa eta Alice Mendizabal organista ariko dira bakarlari, hiruak ere maila handikoak. Organistak bi laguntzaile ere beharko ditu, konposizioak eskatzen dituen erregistroendako.

Gabriel Fauré-ren Requiem-az gain, Peñaflooridako Kondearen Irten ezazu, Vicente Goicoechearen Karmengo Birjinari, Aita Madinaren Aita gurea eta Gabriel Fauré beraren Cantique de Jean Racine abestuko dituzte.

Sarrerak salgai daude (aitzinetik 8 euro, egun berean, 10 euro): Agara, Irene, Igone eta Zelaieta estankoan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun