Sei artistaren margo eta eskultura erakusketa ireki dute Igantzin

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko aza. 3a, 14:23

Erakusketan parte hartuko duten artistak, Joxe Elgorriaga Irisarriko gerentearekin eta Mariló Carrillo zuzendariarekin.

Azaroaren 4tik abenduaren 10era Irisarriko Jauregian ikusgai  da ‘Artea bizitzeko eta amets egiteko’ erakusketa 

Juan Carlos Pikabea, Ana Mari Marin eta Javier Sagarzazu margolarien eta Pedro Lanz, Lesagibel eta Iñigo Manterola eskultoreen lanak biltzen dituen ‘Artea bizitzeko eta amets egiteko’ erakusketa ireki dute Igantziko Yrisarriko jauregian azaroaren 4tik abenduaren 10era.

 

Azaroaren 4an, larunbat arratsaldean ireki da erakusketa, Elizondoko abesbatza ttikiaren kantuarekin.

Aitzinetik, azaroaren 3an, ortzirale goizean egin dute aurkezpen ekitaldia Yrisarriko behatokian. Prentsaurrekoan mintzatu dira Joxe Elgorriaga Irisarri Land parkeko kudeatzailea eta erakusketan parte hartzen duten artistak: Juan Carlos Pikabea, erakusketako komisarioa, Ana Marín, Pedro Lanz, Javier Sagarzazu, Lesagibel eta Iñigo Manterola.

Juan Carlos Pikabeak aipatu duenez, Artea bizitzeko eta Amets egiteko izenburua jarri diote erakusketari, izan ere, «zer litzateke bizitza ametsik gabe, baina ametsak errealitate bihur daitezen etengabe lan egin behar da. Umeak garenean, denok ditugu amets haundiak, baina helduak egiten garenean, orduan mantendu behar dugu bizirik denok barnean daramagun ume hori, porrotari beldurrik izan gabe… Amets egiteari uzten diozunean, bizitzeari uzten diozulako».

 

 

ARTISTAK

Ana Marin (pintorea), Elizondo, 1933

Paularena izeneko etxean sortu zen, aita baztandarra zuela, eta ama, berriz, donostiarra. Familia guztiarekin joan zen Frantziara erbesteratua, 3 urte zituela. Aita Baztango alkatea izan zen Errepublika garaian.

Fidalgo pintorearekin hasi zen pintura ikasten 1952ra arte, urte hartan Madrila joan, eta Arte Ederretako Zirkuluan ikasi baitzuen. Hainbat pintorerekin batera egin zituen erakusketak, hala nola Álvaro Delgado, Redondela, Ibarola, Menchu Gal, José Caballero, Mary Paz Jiménez eta abarrekin, 1954ra bitarte.

1956an, banakako lehen erakusketa egin zuen Iruñeko CAM aretoan, Donostian, Madrilen, Bilbon, Biarritzen, Baiona eta Mexikon. Beti harrera ezin hobea egin zitzaion, eta besteak beste, Bordeleko erakusketa da nabarmentzekoa, Jakobinoen Komentuko kapitulu-gela ikusgarrian. Ana Mari Marinek bere jaioterrian eta bere jaioterrirako isurtzen du barnean daukan artista sentiberatasuna, eta ilusio guztia eskaintzen dio bai Elizondori bai hango jendeari. Bere artista fazeten artean, "Baztan" liburua ilustratu du, Iruñeko Udal Aurrezki Kutxak argitaratua, eta Lander Santamariak nahiz Gabriel Imbuluzquetak idatzia.

 

Pedro Lanz (eskultorea), Lesaka, 1931

Burdinari lotua bizi da, duela hirurehun urtetik baino gehiagotik hona erran daiteke, belaunaldiz belaunaldi, familian forjariak izan baitira, eta metal preziatuari forma eman diote.

Baina lan aroa bukatu ondotik erabili du Pedrok denbora bere ametsa betetzeko, hau da, duela hogei urtetik hona, eta orduantxe garatu du bere hizkuntza eskultura figuratiboaren barnean.

Teknika ederki menderatzen duela, eta ikerketan ahalegina eginik, bere eskulturek ilusioa pizten dute gugan, eta ilustratzen gaituzte. Pedroren Lanak gure jendearen bizimoldearen eta ohituren adierazpen etnografikoa dira.

Gaur egun, bere lanak era iraunkorrean daude ikusgai Lesakako burdinaren museoan.

  

Javier Sagargazu Garaikoetxea (Hondarribia, 1946)

Oso txikitandik piztu zitzaion arterako kezka. Gaspar Montes Iturrioz, Menchu Gal eta Gracenea pintoreen bidez ezagutu zuen pintura, hirurak ere Bidasoko paisajistak, Sagarzazuk Hondarribiko zumardian ikusten baitzituen pintatzen. 16 urterekin, lehen saria eskuratu zuen, Donostian gazteendako egin zen lehiaketa batean. 1975etik aurrera, arte profesionalean jarduteaz gain, irakaskuntzan ere ari da Hondarribiko tailer-estudioan.

Irunen egin zuen lehen erakusketa (1966), eta harrezkeroztik, 95etik gora erakusketa egin ditu bere kasa, hots, Baiona, Biarritzen, Hondarribian, Irunen, Madrilen, Iruñean eta Donostian. Halaber, ezin konta ahala talde erakusketatan parte hartu du Estatuan.

 

Lesagibel (eskultorea), lrun, 1954

Bere kasa ikasia da.

Zurezko eskultura abstraktua lantzen du.

Adierazpen estetikoa lantzeko saiakera da, iraganetik bilduta.

Hurbilketa bat da zura sentitzera, sentsazioak gogoratzera.

Beroa, emozioa, pentsamendua.

Taldekako nahiz banakako erakusketa aunitzetan parte hartu du.

 

Juan Carlos Pikabea, Lesaka ,1964

Lesakarrak 30 urtetik goiti egin ditu pinturaren munduan. Bere kasa ikasia, bere ofizioa eta naturari begiesteko gaitasuna gakoak dira bere pintura koloretsuan eta arinean, maisu inpresionisten lanetan bezala.

Juan Carlos  PIKABEAK  bere lurraldeko –Nafarroako– paisaia moldatu du bere lanetan. Paisaia hori barnetik jalgitzen da, kontenplaziozko ukitu iradokitzailez tindatzen duena, bai eta ñabardura ugariz ere. Mihiseei darien edertasun bareak sentsazio lirikoak eta poetikoak pizten ditu, eta aldi berean, iduri du denbora geldirik dagoela mihisean edo alde egin duela.

Asunción Domeño Arte Historiako doktoreak erran duen gisan, Pikabearen pinturak egilearen arima irekitzen digu eta paisaiaren bidez isurtzen du haren sentimendua, argi eta kolore sentsazioetan bildu bidenabar, naturak eskaintzen dion emozio hori lanen ikuslearekin partekatzeko. Pikabearen margolanak leiho bat bezalakoa baitira, nafar lurraldearen izaerari irekia.

Besteak beste, Iruñean, Bilbon, Zaragozan, Madrilen, Donostian eta Gasteizen jarri ditu ikusgai bere lanak.

Eta urtetan zehar, talde erakusketetan ere parte hartu du Irun, Iruñea, Paris, New York, Tel Avid, Brusela, Hego Korea eta Monte-Carlon.

 

Iñigo Manterola, Orio, 1973.

Arte Ederretako fakultatetik atera zenetik, hainbat tailer egin ditu. Haien artean, hainbat dira nabarmentzekoak: batetik, FIGURAZIOAREN MAISUAK pintura tailerra, Antonio López eta Juan José Aquerretarekin, Iruñeko Arkitektura Eskolan, 2006an, eta bestetik, TESTURAK tailerra, David Kelly artista australiarrak emana, Donostiako Kubokutxa aretoan, 2010ean, ikusgai jarritako AUSTRALIS erakusketaren karira.

Iñigoren ibilbidean bilakaera etengabea nabarmendu behar da, bizitza bera bezala. Etapak egin eta ixteko beharra baitu, proposamen berriak aurkeztearekin batera. Izan ere, 15 bat urtez pinturari emana bizi ondoren, poliki-poliki beste diziplina batzuk erantsi dizkie bere proiektuei, hala nola eskultura, argazkia eta instalazioa, hazten jarraitzeko eta bere lanean sinesten segitzeko. 50etik gora erakusketa egin ditu banaka, bai eta 20 talde erakusketa ere, hamaika hiritan: Iruñean, Donostian, Gasteizen, Bilbon, Valentzian, Sevillan, Madrilen, Bartzelonan, Biarritzen, Mexiko D.F.n, Oporton, Abu Dabin, etab., eta guztiak ere gure artistaren bilakaeraren lekuko dira. Eta horretarako, ikerketa plastikoa da beharrezkoa, bai eta hainbat materialekin esperimentatzea ere. Berrikitan, erretxina lantzen hasi da bere piezak egiteko, bai eta dibond delakoa ere, euskarri gisa bere margolanetan, Rtrazo sortan, zehazki

Manterolak ondutako proiektuen artean, hainbat dira nabarmentzekoak. 2005ean, adibidez, Camino entre dos aguas, de la figuración a la abstracción izenburuko erakusketa diziplina-anitza egin zuen, lehenik, Zarauzko ISPILU galerian; gero, 2006an, Madrilera eraman zen, JOVENART galeriara. 2007an,  Pinturas Animadas, un mareo en el Cantábrico, Bilboko 3E galerian. 2011n, Txatxareatzen, Gorka Larrañagarekin batera; hau da, bien artean ariketa plastiko bat egin zuten, eta gero, Mexiko D.F.ko La Casa galerian jarri zuten ikusgai.  2016an, azkenik, Iruñeko Ziudadelako Bolborategia aretoan, RTRAZO, radiografía de un gesto agonizante izeneko erakusketa egin zuen, ondotik, Donostiako  ENELESTUDIO aretora joan zena.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun