Bortzirietako IV Kontziliazio Itun Mankomunatua sinatu dute hainbat eragilek

Ttipi-Ttapa 2017ko aza. 3a, 09:05
Bortzirietako kontziliazioaren ituna sinatu duten eragileetako ordezkariak.

Urrian egindako informazio-jardunaldi eta lan saioen ondotik, urriaren 30ean sinatu dute Etxalarko Herriko Etxean 

Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen esparruan lan egiten duten entitateen eta eragileen arteko Bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzeko Bortzirietako IV. Kontziliazio Itun Mankomunatua (2018-2019) sinatu dute urriaren 30ean Etxalarren. Prozesua eta Ituna, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren finantziazioarekin gauzatu da eta Equalaren aholkularitza teknikoa izan du.

 

Itunak dioenez, «Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna XXI. mendeko erronka nagusietako bat da. Lan arloa, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko oinarrizko esparruetako bat da. Gure gizartean, familiako eta etxeko erantzukizunak emakumeen eta gizonen artean modu desberdinean banatzea, eragozpenik handienetako bat da emakumeak lan arloan erabat murgiltzeko, merkatu horretan irauteko eta gora egin ahal izateko. Ondorioz, lana sexuaren arabera bereizten da, eta bizitza publikoan eta pribatuan emakumeek eta gizonek duten presentzia desberdina da». 

Hori dela eta, itunaren sinatzaileen ustez «nahitaezkoa da emakumeei eta gizonei beren lanaren, familiaren eta bizitza pertsonalaren kontziliazioa erraztea, lana antolatzeko modu berriak bultzatuz, giza baliabideak bestela kudeatuz, eta administrazioetan eta enpresetan lan baldintza berriak ezarriz. Baina, batez ere, pentsamoldeak aldatu behar dira, kontziliazioa ez baita emakumeei berariaz eragiten dien gatazka, guztiok inplikatzen gaituen beharra baizik. Zainketaren etikaren garapena bultzatu beharra dago, horixe baita berdintasuna sustatzeko gakoetako bat, eta bereziki, kontziliazioa erraztuko duen tresna».

Urrian zehar zenbat informazio-jardunaldi eta lan-saio egin dituzte herriz herri eta urriaren 30ean sinatu zuten ituna Etxalarko Herriko Etxean.

Orain arte, Itunetik, batez ere kontziliazioarekin zerikusia duten zerbitzuak (Eguberritako Haur Txokoa, Jubiloteka), sentsibilizazio kanpainak eta formazio ekintzak hezkidetza/erantzukidetasunaren inguruan bultzatu egin dira. Bortzirietako Euskara Mankomunitatetik aipatu dutenez, «emakume nahiz gizonek, arlo pertsonala, familiarra eta lan arloa kontziliatu ditzagun, modu berriak diseinatu eta aurrera eraman behar direla uste dugu eta eragile ezberdinen ikuspegia txertatu nahi izan dugu, etorkizuneko jarduera eta ekintzak definitzeko».

Kontziliazioa denoi eragiten digunez, eragile ezberdinak gonbidatu dituzte beraien proposamenak biltzeko: Ikastetxe, guraso elkarte, bertso eskolak, gazteak, adintuak, emakume taldeak, merkatari elkarteak, kirol taldeak, kultur teknikariak….

Ituna sinatu dutenen artean, Arantza, Bera, Etxalar eta Igantziko Udalak, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea eta Bortzirietako Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea, Cederna Garalur elkartea, ELA eta LAB sindikatuak, Irain Eskolako Guraso Elkartea, Lagunekin Jolasean elkartea, Lesakako EHBildu eta Berako Rikardo Baroja eskola publikoa eta Toki Ona institutua daude.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun