Beti Gazte gizonezkoetan eta Txantrea emakumezkoetan nagusi Nafarroako sokatira txapelketako lehen jardunaldian

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 30a, 12:53

Beti Gazteko neskak bigarren izan dira txapelketako lehen jardunaldian, Berriozarrekin berdinduak. Argazkia: Oskar Txoperena.

Lesakako Beti Gazte da eskualdeko ordezkari bakarra eta taldeak atera ditu gizaseme, emakume eta mistoan

Nafarroako Goma Gaineko Sokatira Txapelketa hasi da urriaren 29an Arbizun. Gizonezkoen 640 kiloko lehen jardunaldian Beti Gazte izan da nagusi tiraldi guztiak irabazita eta emakumezkoen 375 kilokoan bertze horrenbertze egin du Txantreak.

 

Gizonezkoetan 3 puntu eskuratu ditu Beti Gaztek, 2 Berriozarrek eta 1 Antsoainek.

Emakumezkoetan, Txantreak 4 puntu eskuratu ditu, tiraldi guztiak irabazita. Bigarren postuan berdindu egin dute Beti Gaztek eta Berriozarren (2,5 puntu), Txantrearen kontra galdu, Antsoain-i irabazi eta elkarren artean tiraldi bana irabazita. Antsoainek puntu bakarra lortu du, tiraldi guztiak galduta.

Gizonezkoak bi pisutan sartu dira lehian eta zortziko taldeak dituzte. Emakumezkoak berriz, seiko taldeak izanen dira eta pisu bakarrean lehiatuko dira.Talde mistoak ere pisu bakarrean lehiatuko dira eta zortziko taldeak izanen dira (lau gizonezko eta lau emakumezko). Guztietan aterako du taldea Beti Gaztek.

Arbizuko lehen jardunaldiaren ondotik, azaroaren 4an Berriozarren jokatuko da kategoria hauetako bigarren eta hondar jardunaldia.

Azaroaren 11n Lakuntzan jokatuko da gizasemeen 600 kiloko lehen jardunaldia eta txapelketa mistoaren (550 kilo) lehen jardunaldia. Azaroaren 18an, Lesakako udal pilotalekuan jokatuko da kategoria hauetako bigarren eta hondar jardunaldia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun