«Harria maite nuelako hasi nintzen langintza honetan»

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 30a, 11:50

Berako Antzuzelai enpresako Juan Pedro Morante.

Juan Pedro Morante, Harria lehengai eta eskuak lanabes

Hemezortzi urterekin hasi zen Juan Pedro Morante harriarekin lanean eta 1991. urteaz geroztik Bera eta Endarlatsa artean du lantokia: «Saran ikasi nuen lanbidea, bertan aritu nintzen lanean 28 urte bete nituen arte. Orduan Berara etorri eta nire kasara jartzea erabaki nuen». Bi lagunek ireki zuten Antzuzelai enpresa eta «pixkanaka hazten joan gara. Jende gehiago kontratatu dugu, makineria berria erosi…».

 

Harri naturala lantzen dute: «kareharria, Larungo harria, Baztango harri-gorria…» eta mota guztietako harrilanak egiten dituzte: «etxe eta igerilekuen estaldurak eta apaingarriak, lorategiak, tximinien dekorazioa, armarriak, grabatuak eta hilerrietarako gauzak».

Azaroaren 1a dela eta, lan aunitz izan dute azken asteetan: «nabari da jendeak santu guztien egunerako txukundu nahi izaten dituela bere senide eta lagunen hilobiak. Mota honetako lan eskaria igo egiten da sasoi honetan». Dena den, aitortu digunez, halakoetan ez dute inprobisaziorako tarte handiegirik izaten: «gurutze edo hilarriak egiten ditugu gehienetan eta herri bakoitzak dituen arauak kontuan hartu behar izaten dira. Hori bai, pieza bakoitza bakarra izaten da. Makineria harria xehatzeko soilik erabiltzen dugu, bertze guztia eskulana da». Merkatuari dagokionez, inguruan zertxobait lantzen badute ere, batez ere iparraldeko hilerrietan aritzen dira: «harri naturala gehiago lantzen da bertan. Gure eskualdean hilerriek bertze estetika bat dute».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun