Burdinaren Martxaren 25. urteurrena gogoratu dute Lesakan

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 30a, 07:18

Solasaldia eskaini zuen Xabier Barrutia Etxeberria EHUko katedratiko eta ekonomia doktoreak eta erakusketa interesgarria izan da urriko azken aste hondarrean Harriondoako komentuan

Urriaren 27an, ortzirale arratsaldean Bizkaiko Labe Garaien itxiera (Azterketa kritikoa eta testigantza) hitzaldia eskaini zuen Xabier Barrutia Etxeberria, Euskal Herriko Unibertsitateko katedratiko eta ekonomia-doktoreak Harriondoan eta hainbat lagun bildu ziren aditzera. Ondotik, leku berean asteburu osoan ikusgai izan  den erakusketako ateak zabaldu ziren: Argazkiak, prentsa agiriak, bideoak eta bertze hainbat material bildu ditu erakusketak eta jende aunitz pasatu da asteburuan Kultur Etxeko komentutik.

 

«Urtemuga honetan ekintza hau burutzeko arrazoiak giza ikuspegitik izan zituen ondorioak, pasatu ginen herrietan bertako bizilagunengatik jaso genuen adiskidetasun, eta zuzenean parte hartu genuenean izan genituen bizipenak» azaldu dituztela aipatu du Batti Eskuderok. Bere erranetan, «borroka eta garai bakoitzak bere testuingurua dauka, bainan aldi berean, garbi dago lehen eta orain ere, botere eta harreman sozialak aldatzeko eta etorkizuna izateko, borroka egin behar dela, beraz, martxak jarraitu behar du». Martxan parte hartu eta babesa eman zutenei eskerrak ematearekin batera, azken urte hauetan guere artetik joan diren lankideak ere gogoratu dituzte: Iñaki Abalde, Juan Antonio Kasasola, Joxe Joakin Erregerena (Lesaka) eta Antonio Lalana (Perfrisa).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun