Euskaraz solastatzeko zailtasunak dituzten gurasoei bideraturiko hitzaldia Beran

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 28a, 12:00
Paula Kasares izanen da hizlari.

 

Paula Kasaresek euskaraz ez dakiten edo solastatzeko zailtasunak dituzten gurasoei bideraturiko hitzaldia eskainiko du urriaren 31n, Berako Beralandeta eraikinean, 17:00etan.

Hitzaldiaren helburua etxean euskara irakasteko aukerarik ez duten gurasoei beren seme-alabak elebidun bilakatzen laguntzea da. Hau da, hizkuntza bera ez irakatsiagatik, hizkuntzaz jabetzeko beharrezkoa diren motibazioa, erabilera eta ezagutza bermatu nahi ditu. Hori guraso guztien esku dago, euskaraz jakin ala ez.

Hizlaria Paula Kasares Corrales izanen da. Kasares Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea da, eta bere tesi doktorala euskararen belaunez belauneko jarraipenaren eta familia euskaldunetako hizkuntza sozializazioaren gainean egin zuen. Geroztik, gai horren beraren inguruan “Euskaldun hazi Nafarroan” liburua argitaratu zuen (Euskaltzaindia, 2014). Azken urteotan gisa honetako hitzaldi ugari eskaini dizkie gurasoei Euskal Herriko hainbat herritan.

Gurasoei hitzaldian parte hartzea errazte aldera, mankomunitateak doako haurtzaindegi zerbizua eskainiko du Beralandetan bertan. Hortaz, gurasoek haurrak eraman ditzakete. Hitzaldia euskaraz ez dakiten gurasoei zuzendua denez, gaztelaniaz izanen da. Mankomunitateak dei egiten die herritarrei, inguruan euskaraz ez dakiten gurasoak izanez gero, hitzaldira joan daitezen anima ditzaten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun