Nafarroako Sokatira Txapelketa igandean abiatuko da Arbizun

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 27a, 10:12

Beti Gaztek kategoria guztietan plazaratuko du taldea.

Lesakako Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra eta taldeak aterako ditu gizaseme, emakume eta mistoan

Nafarroako Goma Gaineko Sokatira Txapelketa hasiko da urriaren 29an, igande eguerdiko 12etan Arbizuko pilotalekuan. Guztira 4 jardunaldi jokatuko dira eta Lesakako Beti Gazte izanen da eskualdeko ordezkari bakarra. Hain zuzen, Lesakan jokatuko da sokatira txapelketako azken saioa azaroaren 18an. 

 

Gizonezkoak bi pisutan lehiatuko dira eta zortziko taldeak izanen dira. Emakumezkoak berriz, seiko taldeak izanen dira eta pisu bakarrean lehiatuko dira.Talde mistoak ere pisu bakarrean lehiatuko dira eta zortziko taldeak izanen dira (lau gizonezko eta lau emakumezko). Guztietan aterako du taldea Beti Gaztek.

Urriaren 29an Arbizun, gizasemeen 640 kiloko lehen jardunaldia eta emakumeen 375 kiloko lehen jardunaldia jokatuko dira. Azaroaren 4an Berriozarren jokatuko da kategoria hauetako bigarren eta hondar jardunaldia.

Azaroaren 11n Lakuntzan jokatuko da gizasemeen 600 kiloko lehen jardunaldia eta txapelketa mistoaren (550 kilo) lehen jardunaldia. Azaroaren 18an, Lesakako udal pilotalekuan jokatuko da kategoria hauetako bigarren eta hondar jardunaldia.

Gizasemeen 640 kiloko kategorian Berriozar eta Antsoain lehiatuko dira Beti Gazterekin batera. Bertze hiru kategoriatan Txantrea ere sartuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun