Estilo anitzetako banda eta kantuak izan dira lehian. Rock taldeak dira gehienak, baina pop, metal eta punk alternatiboa ere entzun daitezke. Euskal Herriko txoko ezberdinetako taldeak hartu dute parte lehiaketan. Gehienak Bizkaia eta Gipuzkoako musikariak diren arren, Nafarroako talde bat ere badago aurten, Berako Azken Trena, hain zuzen ere.
Epaimahaia Ritxi Aizpuru (musika editore eta Baga Biga diskoetxeko arduraduna), Xabi Hoo (Enkore taldeko abeslaria), Maia Muruaga (Euskal Irratiko kazetari eta esataria) eta Aritz Gonzalezek (Last Tour International) osatzen dute.
Bilboko Aneguria, Berako Azken Trena eta Basauriko Raust! aukeratu dituzte finalerako epaimahaia osatzen dutenek.
Talde finalistak hautatzeko lanetan aritu diren epaimahaikideek aurtengo maila oso altua izan dela azpimarratu nahi izan dute. Hiru talde aukeratu behar izan dituzte eta zaila izan da azken erabakia hartzea. Izan ere, oso lehia estua izan da, kalitate handiko proposamenekin.
Hiru finalista horiez gain, publikoak ere izan du bozkatzeko eta iritzia emateko aukera. Galdakaoko Akabu taldea izan da puntu gehien lortu dituena Banden Lehiako web orrialdearen bitartez egindako bozkaketan, 10.612 botorekin.
Taldeek publikoaren laguntza eta botoak behar izanen dituzte berriz ere azaroaren 24an Bilborocken ospatuko den finalean. Epaimahaikideak ere bertan izanen dira kontzertuak ikusten eta irabazlea zein izanen den erabakitzen.
Nahi duen edonor joan ahalko da finalera eta Banden Lehiako finalistez gain, Itziarren Semeak taldeak eskainiko du kontzertua.