Udazkeneko kulturaldirako egitaraua prest du Arantzako Euskara Batzordeak

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 26a, 15:04
Baserritarren Egunak borobilduko du Udazkeneko Kulturaldia

Urriaren 28, 29 eta azaroaren 1ean izanen dira Baserritarren Egunarekin borobilduko diren kultur egunak

Guztia zehaztua du Arantzako Euskara Batzordeak, hondarreko hilabeteetan, urteroko kultur egunak prestatzen lan eta lan aritu ondotik. Hasteko, urriaren 28an, larunbatean 20:00etan Baga, biga, higa ikuskizunaz gozatzeko aukera izanen da Eñaut Elorrieta eta Mikel Markez kantari eta musikarien eskutik eskolako gimnasioan. 

 

Emanaldiak euskarazko musikaren transmisioa eta sustapena ditu helburu eta multimedia formatua du, biek izanen dira hizlari eta kantari.

Urriaren 29an, igande arratsaldeko 5etan mus txapelketa eta partxisa izanen dute Ekaitza elkartean. Igande arratsaldeko 7etan, Inazio Tolosa eta Ramon Agirre aktore ezagunek Putinen Guardasola antzez­lana eskainiko dute eskolako gimnasioan.

Kultur Egunak azaroaren 1ean borobilduko dituzte, Ekaitza elkarteak antolatutako Baserritarren Egunarekin eta arratsaldeko haurren ekitaldiarekin. Goizez, Baserritarren Eguna eginen da eta horretarako antolaketa lanetan ari dira Ekaitza Elkartean. Beti bezala, egun horretan, herriko plaza eta frontoian, herritarrek euren produk­tuak, nekazal tresnak, eskulanak edota aziendak ikusgai edota salgai paratuko dituzte. Bertze aldi batez, gazta eta ahari lehiaketak ere eginen dituzte.

Arratsaldean, berriz, 17:00etan, Ameli ipuin-kontalaria eskolako gimnasioan ariko da eta ondotik, Guraso Elkarteak berendua emanen die neska-mutikoei.

 

Baserritarren Egunari begira oharrak

Baserritarren Egunari begira, Ekaitza Elkarteak hainbat ohar jakinarazi ditu. Gazta lehiaketari dagokionez, lehiaketako partaideek gazta bakoitzagatik 15 euro hartuko dituzte. Sariei dagokienez, lehenbiziko saria 60 eurokoa izanen da, bigarrena 40koa eta hirugarrena 20 eurokoa. Aitziber Almandoz batzordeko kideari abisatu behar zaio lehiaketan parte hartzeko.

Ahari lehiaketan, bi sari emanen dituzte: lehen saria 50 euro eta bigarren saria 25 euro. Parte-hartu nahi izanez gero, Imanol Lukanbio batzordekideari jakinarazi behar zaio.

Azienden erakusketari dagokioenez, berriz, ardiak eta ahuntzak eraman nahi badira, guttienez zazpi buruko loteak izan beharko dute eta  ekartzearen alde 40 euro emanen zaizkie artzainei. Gehienez ere, lote bat ordainduko zaio jabeari.

Aberekien kasuan, gehienez hiru buruko loteak izan beharko dute eta baserritar bakoitzari buruko hamar euro ordainduko zaizkio.

Behikietan, guttienez bi buruko loteak izanen dira eta baserritar bakoitzari buruko 15 euro ordainduko diete.

Bertzalde, urtero bezala, Ekaitza Elkartetik, bertzelako deiak ere egin dituzte. Alde batetik, jakinarazi dute bi motatako postuak izanen direla. Erakusketarako postuetako mahaiak paratzeaz elkartekoak arduratuko dira, aitzineko urteetan bezala. Salmentarako postuen kokapena, berriz, bezperan, urriaren 31n, zozketatuko dute. Zozketa publikoa izanen da eta zozketa egin ondotik, postuetako mahaiak denen artean paratuko dituzte.

Egunean bertan, frontoia 08:00etan irekiko dute eta baserritar bakoi­tza bere azienden erantzule izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun