Berako Ricardo Baroja ikastetxe publikoak bere instalazioak lehentasunez erabiltzeko babesa eskatu dio Parlamentuari

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 26a, 10:39
Nafarroako parlamentariak eta eskolako ordezkariak, urriaren 25ean Berako Ricardo Baroja ikastetxe publikora egindako bisitan.

Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak ikastetxea bisitatu zuen urriaren 25ean

Berako Ricardo Baroja Eskola publikoak Nafarroako Parlamentuari babesa eskatu dio bere instalazioak lehentasunez erabiltzeko eskubideari eusteko, Labiaga ikastolarekin 2011n sinatu zen lagapen-akordioan ezarri bezala. Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeak bisita egin zuen Ricardo Baroja eskolara urriaren 25ean, PSN talde parlamentarioak eskaturik. 1980an sortutako D ereduko ikastetxea da, 213 ikasle dituena (Haur Hezkuntzako bost gela eta Lehen Hezkuntzako bederatzi), eta 26 irakasle.

 

Luis Zarraluqui (UPN), Isabel Aranburu (Geroa Bai), Esther Korres (EH Bildu), Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu), eta Carlos Gimeno (PSN) parlamentarioak bertaratu ziren. Legebiltzarreko ordezkari taldeari harrera egitera joan ziren Rosa Eugi, Ricardo Baroja ikastetxe publikoko zuzendaria; Maite Blanco eta Joxerra Lopez zuzendari ohiak, Juan Manuel Aranibar, jantokiaren arduraduna, eta guraso elkartearen ordezkariak.

Bisitaren helburua, Carlos Gimenok zehaztu duenez, «eskolak pairatzen duen espazio eta ekipamendu gabezia gero eta larriagoa ezagutzea» izan da, bai eta, «2011n sinatutako akordioarekin lotuta, benetan nola ari den erabiltzen Labiaga ikastola ikastetxeko patioak eta pilotalekua». Izan ere, epai judizialek ikastetxe publikoaren “lehentasuna” berretsi dute itunpeko ikastetxe pribatuaren asmoen aurrean; bertako DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleek udal eskola zaharra okupatzen dute, aipatutako instalazioetarako zuzeneko sarbidea dutela. 

Ondoren egin den bileran, Udala Labiaga ikastolaren alde lerratu dela salatu du Ricardo Baroja eskolako zuzendaritza taldeak, ikastetxe publikoko pilotalekua eta patioak erabiltzen utzi baitio «hezkuntzako araudian ezarritako mugen gainetik eta Nafarroako gobernuen oniritziarekin. Zapalduta, usurpatuta sentitu gara, eta hala ere erreferentziako ikastetxe bihurtu gara ikasleen % 48arekin. Ikastolak % 34 du, eta Jesusen Bihotza ikastetxeak % 18. Borroka etengabea izan da. Udalak ikastetxe publiko bat balitz bezala tratatzen du ikastola, haren gastu asko bere gain hartzeraino». 

Testuinguru horretan, 2011n lortutako akordioarekin «ados» dagoela azpimarratu du. Orduan, «bizikidetzaren mesedetan», onartu zen pilotalekua lagatzea ikastolako gorputz-hezkuntzako eskoletarako, baina orain ikastolak DBHko 3. eta 4. mailak irekitzeko asmoa du eta «ezinegona areagotu da. Itundutako hainbat puntu bete ez diren arren, amore eman izan dugu gatazka saihestu nahian. Ez gaude haiek 3. eta 4. mailak ematearen aurka, gure patioak erabiltzearen aurka baizik. Ez gaude inoren aurka, inolako hezkuntza ereduren aurka. Geurea defendatu baino ez dugu egiten, uste baitugu arazoa biderkatu eginen litzatekeela, izan ere gero eta ikasle gehiago ditugu eta lekurik gabe gelditzen ari gara», nabarmendu du Joxerra Lopezek. 

Guraso elkarteak uste du ikastolak «ziurrenik ere eginahalak» eginen dituela DBHko ziklo osoa eskaini ahal izateko. Hori dela eta, ohartarazi dute irailean azken orduko matrikulazioen inguruan arazoa sortu zela, «Hezkuntza Departamentuak ikastolari itxaropen faltsuak sortu zizkiolako ikasturte honetatik bertatik 3. maila ezartzeko aukerari buruz. Kontu guztiak nahasi zizkigun, eta, baliabide osagarririk ezean, ikasgelako ratioa handitu beste biderik ez genuen izan». 

Horiek horrela, Ricardo Baroja ikastetxe publikoko irakasle taldea parlamentario guztiei zuzendu zaie Departamentuarekin bitartekotza lanak egiten saia daitezen, Labiaga ikastolak eskola publikoaren ekipamenduak erabiltzearen arazoari behin betiko konponbidea bilatzeko. «Guk jada Hezkuntza Departamentuarekin hitz egin genuen iragan uztailean, ikastetxe gisa eta guraso elkarte gisa. Ulertu egin zuten gure arazoa, besterik ez. Asmoa da, herrian gaizki uler ez dadin, Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzea irregulartasun hau zuzen dezala».

Bertze alde batetik, matrikulazio kopuruek izandako joera egonkorra dela eta, Ricardo Baroja eskolako zuzendaritza taldeak adierazi du «biltegia ikasgela gisa egokitzeko aukera» aztertzen hasi behar litzatekeela, «etengabeko bikoizketen ondorioz lekurik gabe gelditzen ari baikara. Ganbararen erdia erabilera anitzeko gela gisa eta beste erdia laborategi edo musika gela gisa egokitzea ere pentsatu dugu, adibidez. Gimnasiorik ere ez dugu…».

Nolanahi ere, etor litezkeen ekimenen zain, Carlos Gimeno, Luis Zarraluqui, Isabel Aranburu, Esther Korres eta Tere Sáez bat etorri dira honetan: «eskola publikoari berme guztiak eman beharko zaizkio beraren eskubideak zaintzeko». 

Bilera bukatu ondoren, parlamentariek ibilbide gidatua egin zuten Ricardo Baroja ikastetxe publikotik. Aldez aurretik udal kiroldegira hurbildu ziren. Ikastolak eskolako pilotalekua erabiltzen duenean, eskolak institutuarekin partekatzen du kiroldegi hori.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun