Mugaren inguruko hausnarketa eginez argazki erakusketa ireki du Asier Gogortzak Beran eta Azkainen

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 25a, 07:30
Irudi bakoitza egiteko momentuan argazki makina muga marraren gain-gainean jartzen zuen Gogortzak.

Urriaren 28tik azaroaren 12ra zabalik dagoa eta Berako Kultur Etxean eta Azkaingo Zilargia elkartean

Asier Gogortza argazkilari beratarraren ‘Muga’ argazki erakusketa ikusgai dago datozen Berako Kultur Etxean eta Azkaingo Zilargia elkartean. Urriaren 28an egin zen inaugurazioa bi herritan eta urriaren 28tik azaroaren 12ra, larunbat eta igandetan 16:00etatik 19:00etara dago ikusgai.

 

Asier Gogortzaren erranetan, «muga marraren gaineko esplorazio geografikoa da lan hau. Muga tokietan paisaiaren eta lurraldearen artean sortzen den tentsioa neurtzeko saioa. Izan ere, marra fin eta zenbaitetan ikustezin hori da lurra lurralde bihurtzen duena, eta bi ideia hauen arteko talkak pizten ditu mugek sortzen dituzten gainerako tentsio guztiak».

Modu berean, Berako argazkilariak dioenez, «mugak ez dira betidanik hor eta ez dira beti berdin. Ezagutzen dugun paisaia ere aldatu egiten da, aldatu egiten dugu. Alde horretatik, mugak eta paisaiak kontzeptu arbitrarioak dira biak ala biak, gizarteen arabera aldatzen direnak. Norbanakoen artean ere modu desberdinean ulertzen ditugu bi ideia horiek».

Gogortzak gogoratzen duenez, «2014an lan hau egiten hasi nintzenean, baldintza bat jarri nion nere buruari: irudi bakoitza egiteko momentuan argazki makinak muga marraren gain-gainean egon behar zuen derrigor. Ikuspuntu eta teknika desberdinak erabili ditut argazkiak egiteko baina baldintza hori errespetatuz beti ere. Hala, irudietan agertzen diren paisaia guztiak erdi-erditik zatitzen ditu mugak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun