Hitzarmen honekin, herri hauetako abeltzainen ardi eta zaldi aziendek eskubidea dute bertze herrietako bazkalekuak eta urak aprobetxatzeko. Hori bai, aziendek bere kabuz askatasunean joan beharko dute belagietara, hau da, abeltzainek beraiek ezin dituzte aziendak batetik bertzera eraman. Behi eta ahuntz aziendak, aldiz, ez daude hitzarmenean sartuak eta honelakoak topatuz gero, isuna jasotzen ahal dute jabeek. 2007an, larreak erretzen gertatzen ahal diren suteetan abisua ematea eta elkar laguntzea sartu zuten hitzamenean.
Larunbat eguerdiko egitarauari dagokionez, Alkate Soinua joko dute txistulariek eta Aurreskua dantzatuko du Gure Txokoako dantzari batek. Hitzarmenaren testua irakurri ondotik sinatu eginen dute. Ondotik, aurtengo berrikuntza, Mugadantza dantzatuko dute. Bereziki ekitaldi honetan egiteko sortu eta proposatutako dantza da, Lesakako Martxel Rodriguez dantzariak eta Gaizka Sarasola musikariak sortua, Asier Gogortzaren ideiari segituz. Berako dantzari batek dantzatuko du lehen aldi honetan, Ainhoa Retegik. Ekitaldia bukatzeko, Agur Jaunak abestuko dute.
Larunbatean sinatutako hitzarmenak bortz urterako balioa duenez, 2022garren urtean izanen da hurrengo hitzordua Lizuniagan.