Aresoko Itsaso Onsalo eta Ultzamako Mikel Eugi nagusitu dira Nafarroako arpana txapelketa mistoan

Ttipi-Ttapa 2017ko urr. 23a, 14:48

Bosgarren edizioa bete duen Nafarroako arpana txapelketa mistoan parte hartu duten bikoteak.

Nerea Sorondo beratarra eta Xabier Urrutia arraioztarra hirugarren izan ziren urriaren 22an Beran 

Nafarroako arpana txapelketa mistoa urriaren 22an, igande arratsaldean jokatu zen Berako Altzateko pilotalekuan, Lurraren Egunaren ospakizunen baitan. Zortzi bikote aritu ziren bosgarren edizioa bete duen txapelketa honetan eta 2015ean Igantzin bezala, Itsaso Onsalo aresoarra eta Beunzako Mikel Eugi izan ziren txapeldun.

 

Etzanda jarritako enborrean hamar ebaketa egin behar zituzten bikoteek eta Onsalo eta Eugi erraz nagusitu ziren, 4 minutu eta 24 segundo behar izan baitzituzten lanak burutzeko. Bigarren izan ziren Eltsoko Ainhoa Iraizoz eta Iraizozko Josetxo Barberenari minutu baino gehiagoko aldea atera zieten (5:26). Podiuma osatzen, hirugarren izan ziren Arraiozko Xabier Urrutia eta Berako Nerea Sorondo (5:39). Beraz, lehiarik handiena bigarren postu horretarako izan zen.

Laugarren postua Arostegiko Imanol Kañamaresek eta Txantreako June Etxeberriak eskuratu zuten (5:44); bosgarren postua Arostegiko Oier Kañamaresek eta Elgorriagako Irune Izkuek (5:57); seigarren postua Berriozarko Iosu Huartek eta Txantreako Uxue Rodriguezek (8:00), zazpigarrena Antsoaingo Endika Garaik eta Antsoaingo Irune Biurrunek (8:07) eta zortzigarrena Txantreako Alis Alonsok eta Jone Hualdek (8:14).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun